Errenteriako pala taldea, Euskadiko Herriartekoaren bila
Gipuzkoako Herriartekoan nagusitu ondoren, Euskadikoa bereganatzen saiatuko dira igandean, Gasteizen, Armintzako taldearen aurka.
Igande honetan, irailak 4, 11:30etik aurrera, Euskadiko Herriarteko Pala Txapelketako finalak jokatuko dira Gasteizko Lakua pilotalekuan, larruzko paleta eta pala motzeko modalitateetan. Final horietan Errenteriako eta Armintzako taldeak ariko dira nor baino nor txapel handiaren bila, Gipuzkoako eta Bizkaiko Herriarteko txapeldun izan diren herriak baitira. Oreretarrak Andoaingo taldearen aurka nagusitu ziren iragan ekainaren 18an, eta bizkaitarrak, berriz, Sopelako taldea menderatu zuten Bizkaiko finalean.
Gipuzkoako Herriartekoan egin bezala, Errenteriako taldea Eskisabelek, Yorelek, Rubenek eta Abelek osatzen dute, Estefano ordezko palista izanik. Armintzakoei dagokionez, Undak, Madariagak, Menak eta Imanolek ordezkatzen dute euren herria.
Igandeko finaletan maila handiko bi talde ariko dira, maila altuko pilotariekin. Final horiek internet bidez jarraitu ahal izango dira Euskadiko Pilota Federazioaren Facebook orrian.