Hondarribia, nagusitasunez Kontxan
Erraz lortu du Hondarribiak Kontxarako sailkapena, gaurko jardunaldia irabaziz. San Pedro, San Juan eta Hibaika, kanpoan.
Gizonezkoen Kontxarako sailkapen estropadan, Hondarribia gaur nagusi. Jada ziabogan ikusi da barruan izango zirela berdeak, eta lan osoa bukatuta hala erakutsi dute: denborarik onena egin dute. Beraz, datozen bi igandeetan 15. Kontxa irabazteko aukera izango dute Mikel Orbañanosek entrenatutakoek. Erraz irabazi dute gaurko estropada, eta azaldu dute bandera irabazteko hautagai oso sendo direla. 19.43ko denbora egin dute berdeek.
San Pedrok, San Juanek eta Hibaikak ezin izan dute Kontxan sartu. Jakina zen aurretik traineru dezente izan zitzaketela, eta hala izan da. Aukera gutxi zituzten 2022ko Kontxan izateko, eta hala erakutsi dute Donostiako badian. Libia ontzia 13. izan da 20.39ko denborarekin, Erreka traineruak 20.50eko denbora egin du 14. gelditzeko. Hibaika 23. izan da 21.56ko denborarekin.
Beraz, gizonen Kontxan ondorengo traineruak izango dira igandean: Hondarribia, Donostiarra (aurrez sailkatua), Urdaibai, Zierbena, Kaiku, Orio, Getaria, Ondarroa.
Bihar emakumeen sailkapen estropada jokatuko dute. Bertan izango dira Hondarribia eta Hibaika. Sailkatzeko aukera sendoak dituzte.