Hibaika eta Hondarribia Kontxako Banderarako sailkatu dira
Errenteriarrek sailkatze estropadako laugarren denbora onena egin dute; hondarribiarrek, seigarrena. Arraun Lagunak izan da bizkorrena.
Hibaikak eta Hondarribiak ez dute hutsik egin, eta Donostiako Bandera lehiatzeko sailkatu dira. Jakina zen sailkatzeko aukera sendoak zituztela, baina galbahea pasa beharra zegoen. Bi traineruek estropada oso antzekoa egin dute, eta amaieran bi segundoko aldea baino ez da izan bien artean, Madalen traineruaren alde: errenteriarrek 11.09ko denbora egin dute; hondarribiarrek, aldiz, 11.11n geratu dute kronoa. Denbora horiekin, laugarren postua eskuratu du Hibaikak, eta seigarren izan dira Ama Guadalupekoa ontzikoak.
Sailkatze estropada Arraun Lagunak taldeak irabazi du, 10.46ko denborarekin. Orio izan da bigarren, lau segundora. Beraz, Euskotren Liga Oriok nagusitasunez irabazi duen arren, iazko balentria errepikatzeko hautagaitza erakutsi dute gaurkoan donostiarrek. Sailkapen estropada bukatuta, honako hauek ariko dira banderaren lehian datorren igandetik aurrera: Donostiarra (aurrez sailkatua), Arraun Lagunak, Orio, Tolosaldea, Hibaika, Cabo, Hondarribia eta Chapela. Lehiatuko diren traineruen zerrendari erreparatuz gero, ez dago sorpresa handirik: Eusko Label ligako laurak, ETE ligako lehen biak, eta Galiziako ligako lehen bi sailkatuak ariko dira.
Bestalde, atzo jokatu zen gizonezkoen sailkatze estropada, eta Hondarribia izan zen nagusi. San Pedro, San Juan eta Hibaika, aldiz, kanpoan geratu ziren.