Herri Olinpiadekin elkartuko eta ezagutuko dira
Bost taldek parte hartuko dute bihar Piztu Lezoren Herri Olinpiadetan. Gaur egingo dute horien aurkezpen publikoa.
Ez dira makalak Piztu Lezok santakrutzen aurrekari bezala (hilaren 13an hasiko dira ofizialki) antolatu dituenak: asteburuan Herri Olinpiadak, eta hilaren 10ean Gazte Eguna. Jaien barruan ere izango dira herriko eragileak prestatutakoak (hilaren 9an Santakrutz Jaiekin orri bereziak publikatuko ditu HITZA-k).
2019ra joan behar da Herri Olinpiaden azken aurrekarira iristeko. Tartean, denentzat ezagunegi izan den birusaren aroak lezoarren arteko elkargunea itzali du. Duela hiru urtekoekin, baina, badu aldea gaur eta bihar artean, nahiz hilaren 10ean (Gazte Egunean da finala) izerdia eta giro ona partekatuko dituen egitasmoak: taldeka beharrean, partaideek banaka edo binaka eman dute izena, eta antolatzaileak arduratuko dira horiek guztiak taldeetan jartzeaz. «Horrela, belaunaldien arteko harremana indartzeko saiakera egin nahi dugu, eta aldi berean, zeharka bada ere, euskararen erabilerari bultzada eman nahi diogu», zehaztu du Piztu Lezok.
Osotara, bost talde osatu dituzte izena eman duten lezoar guztiekin. Olinpiadak bitartean, talde bakoitzak kolore bateko elastikoa eramango du. Taldeen berri izateko, joan Piztu Lezoren Instagram kontura.
Gaur, 20:45ean hasita, taldeen aurkezpena eta horien kalejira egingo dute Tiñelutik hasita, taldekideak haien artean ezagutu daitezen. Bihar, 10:30ean hasiko dituzte jolasak (zortzi izango dira denera) taldeek Karlos Saldise plazan. Onenek hilaren 10eko finala izango dute jomugan. Giroa bederen ziurtatua dago.
