[Elkarrizketa] "Partida bakoitza final bat izango da, puntu bakoitzak urrea balio du"
Aurreko denboraldian igoera lortu ondoren, Hirugarren Mailan debutatuko dute Touringeko mutilek bihar Lagun Onaken kontra. Gari Argote entrenatzaileak lehia gogorra aurreikusten du, baina konfiantza osoa du taldean.
Denboraldi aurrea bukatuta liga hasiko duzue bihar. Lehia hasteko irrikan zaudete, ezta?
Denboraldi aurrea denboraldia prestatzeko garrantzitsua da, baina luze joan ohi da. Uda da, jendeak oporrak ditu, eta soilik azken bi asteak eman ditugu jokalari guztiekin entrenatzen. Denboraldi aurre oro bezala gogorra izan da, sasoia prestatu dugu, eta gogotsu gaude liga hasteko eta denboraldi aurrea atzean uzteko.
Nola ikusten duzu taldea denboraldi hasierara begira?
Denboraldi aurrea gorabeheratsua izan da. Emaitza eta joko aldetik nahiko ondo hasi ginen, jende gehiena hemen baitzegoen, baina hortik aurrera gorabeherak izan ditugu joko eta prestakuntza aldetik, jendea falta zelako. Aurreko asteburuan azken proba izan genuen eta sentsazio onekin bukatu genuen. Hori garrantzitsua da guretzat. Taldea gogotsu ikusten dut. Irrikan gaude Hirugarren Mailarako igoera lortu ondoren martxan jartzeko, eta biharko partida buru-belarri prestatu dugu.
Taldeari dagokionez, aldaketak izan dira, edo igoerako blokea mantendu duzue?
Zortzi baja izan ditugu arrazoi ezberdinengatik eta hamaika jokalari berri ekarri ditugu. Fitxaketa horietatik hiru herrikoak dira, herriko jendea ere berreskuratu nahi genuelako. Aurreko urtetik 15-16 jokalarik jarraitzen dute. Aldaketa txikiak izan dira taldean, mailak gehiago exijitzen duelako eta taldea indartu nahi genuelako. Igoerako bloke indartsua mantentzen da, baina taldea indartzen saiatu gara. Horiek dira denboraldi berriari begira taldean izan ditugun aldaketak.
Hirugarren Mailako ibilbidea larunbatean hasiko duzue Azpeitian Lagun Onaken aurka, 17:30ean. Zer-nolako lehia espero duzu? Nolako taldea da Lagun Onak?
Partida gogorra izango da, jokatuko ditugun guztiak bezala. Urte dezente daramatzate Hirugarren Mailan, ondo ezagutzen dute kategoria, esperientzia handiko jokalariak dituzte, eta kostako zaigu. Azken urteetan talde gogorra izan da eta pentsatzen dugu ildo beretik jarraituko dutela. Intentsitate handiko partida gogor bat planteatuko dute, eta oso erne ibili beharko dugu Azpeititik zerbait atera nahi badugu.
Jakina denez, aurten Hirugarren Mailan lehiatuko zarete. Nolako erronka aurkituko duzue?
Denboraldia oso gogorra izango da. Aurten 20 taldetik 16ra murriztu dute kategoria, eta oso talde indartsuak daude. Barakaldo edo Portugalete, esaterako, beste maila bateko taldeak dira. Guretzat partida bakoitza final bat bezala izango da, puntu bakoitzak urrea balioko du guretzat, eta aurreikusten dugu gogorra izango dela. Aldi berean, erronka polita izango dugu parez pare, horrela hartu behar dugu. Lortzen dugun puntu bakoitza poliki-poliki gehitzen joango gara eta ea helburua lortzen dugun.
Helburuaz hitz egin duzu lehen. Zein dira denboraldirako jarri dituzuen helburuak?
Gu inoiz baino gehiago partidaz partida joango gara eta hasierako helburua behintzat argia da: maila mantentzea. Guretzako erronka bat izango da, eta hirunaka hasiko bagina ikaragarria izango litzateke.
Nik taldea lehiakorra izatea nahi dut. Oso zaila izango da goiko taldeen aurka zerbait ateratzea baina Fanderiara ere etorri beharko dute. Kanpoko partidetan zailagoa izango da puntuak ateratzea, baina etxean indartsu egon behar dugu. Tipikoak diren gauza horiei inoiz baino balore handiagoa eman behar diegu. Talde gogor eta lehiakor bat izatea da helburua, etxean zein kanpoan, aurkari deseroso bat izan behar dugu, garaitzeko zaila izango dena, eta hori da bilatzen ari garena.
Nik konfiantza dut taldearengan, eta espero dut taldeak ere erantzutea. Guk ilusio eta gogo handiak dauzkagu denboraldiari ekiteko, eta hori ez digu inork kenduko. Garbi izan behar dugu bolada txarrak izango ditugula, baina momentu horietan burua lasai izaten saiatu beharko dugu.
Aurtengoa, gainera, urte garrantzitsua izango da klubarentzat. Zuek Hirugarren Mailan zaudete eta mendeurrena dator.
Aurreko urtean dena oso ondo atera zen, igoera lortu genuen eta mendeurrena Hirugarren Mailan ospatzeko aukera izango dugu. Klubean ilusioa nabaria da eta ikus daiteke urte berezia izango dela. Klubak zuen helburuetako bat Hirugarren Mailara igotzea zen, beharbada ez zuen epe motzean lortzeko helburu bezala ezarri, baina horrela suertatu da dena.
Kluba dagoeneko gauzak antolatzen dabil eta urte berezia izango da. Alde horretatik ere mendeurrena pizgarria izango da klubarentzat, jokalarientzat eta herriarentzat. Maila mantentzea lortzen badugu saria ikaragarria litzateke, ea gai garen.