Antzezlan berria estreinatuko du Metrokoadrokak
"Zeozertan dabil baina ez dakit zertan" izango du izena artelanak. Hiru lagunen harremanak kontraesanak eta umorea landuko ditu.
Metrokoadroka kolektiboak aurki jarriko du abian “Zeozertan dabil baina ez dakit zertan” antzezlana. Etxe bat, edozein etxe. Egongela bat, edozein egongela. Hiru lagun, elkarri galdezka: “Gu familia bat gara?”. Antzezlana hasi bezain pronto, ikusleak ez du argi izango zein den hiru lagunen arteko harremana, baina ekintzen joanean geroz eta argiago izango du. Familiari loturiko galderek, kontraesanek eta umorezko zirtoek zeharkatuko dute antzezlana. Kulturaz Kultur Kooperatibak teaserra egin du. Hemen ikusi dezakete interesdunek.
Marina Suarez eta Oier Gillanek zuzenduko dute antzezlana; eta Garaion Sorgingunea, Dinamoa, Kulturaz Kooperatiba, Lekuona Fabrika, Errenteriako Udala, Eztena jaialdia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzak babestuko.
Hiru hitzordu zehaztu dituzte, lehen urrats gisa. Horietako bat Oarsoaldean izango da:
Urriaren 13an
- Bilboko Bad jaialdian (aurrestreinaldia).
Urriaren 22an
- Pasaiako Umore Topaketetan (aurrestreinaldia).
Azaroaren 20an
- Azpeitiko Antzerki Topaketetan (estreinaldia).
Metrokoadroka Sormen Laborategia Oiartzun eta Errenteria-Oreretako artista sare batek sortu zuten 2008an. Garai hartatik, arte eszenikoetan eta arte plastikoetan proiektuak sortzea, laguntzea eta zabaltzea izan dute helburu, betiere kulturarekiko ikuspegi kritikoari eta esperimentazioari lehentasuna emanez. Diziplina artistiko ezberdinak uztartzea da esperimentazio horren oinarri nagusietako bat.
Arte eszenikoei dagokienean, performancea, interdisziplinitatea, poesia fisiko-bisuala eta site specific proiektuak izan dira nagusi kolektiboaren ibilbidean. Hauek izan dira azken lanak: “Bidaide” (2021), “Andrezaharraren manifestua” (2020), “Txolarte” (2020), “Aldarri” (2019), “Zauri Bolodia” (2019), “Hugo, nor da Emmy?” (2019), “Zanbuia!” (2018) eta “Miss Karaoke” (2017).