Bazkidetza kanpaina abiarazi du Arraztalo kontsumo taldeak
Astelehenero barazkiz betetako saskia jasotzeko bazkide bila ari da Arraztalo. Ekoizleen merkatuak jarraituko duela iragarri dute.
![arraztalo bazkidetza kanpaina 2022](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2022/09/dsc_1446.jpg)
Arraztalo Kontsumo Taldea bazkide bila ari da, eta kanpaina abiarazi du horretarako. Astelehenero barazkiz betetako saskia jasotzeko kideen bila ari dira.
Gaixotasun mentalak dituzten pertsonek Arraztalok Oiartzunen dituen baratzeetan ekoizten dituzten barazkiak banatzen dituzte.
Herriko plazan —Killirikupen— banatzen dituzte saski horiek, 18:00etatik 18:45era bitartean. Beste banaketa mota batzuk adosteko arazorik ez dutela nabarmendu du Arraztalok, partaide bakoitzaren beharren arabera.
Hilean 55 euroko prezioa izango du saskiak. Astean behin jasoko dituzte, eta saski bakoitzak bizpahiru pertsonarentzako adina barazki ditu.
Astelehen arratsaldetan, gainera, saskitik aparteko produktuak eros daitezke. Izan ere, inguruko ekoizleak hurbiltzen dira bertara. Honakoak dira: Zituene pasta, Gezamina ogia, Peluzar arrautzak, Larremotx gazta eta Arabolaza eztia.
Interesatuek e-posta bidez idatz dezakete, edo 617 58 57 24 telefono zenbakira dei dezakete. Arraztaloren webgunean ere lor daiteke informazioa.