Euskararen kale erabileraren datuak aurkeztuko dituzte etzi
Iazko udazkenean egindako kale neurketaren emaitzen berri emango dute, saio irekian. Herriko errealitate soziolinguistikoaren berri emango dute.
Iazko udazkenean egindako euskararen kale neurketaren emaitzak aurkeztuko dituzte etzi (osteguna, hilak 15).
Aurkezpena 18:00etan izango da, pleno aretoan. Josu Delgado (Euskara zinegotzia), Aitziber Arnaiz (Euskara teknikaria) eta Belen Urangak (Soziolinguistika Klusterreko teknikaria) ikerketa horren emaitzak eta ondorioak azalduko dituzte.
Saio irekia izango dela nabarmendu du udalak. Hartara, oiartzuar guztiak gonbidatu dituzte emaitza eta ondorio horien berri izatera.
“Hizkuntza-politika eta -plangintza egokiak abian jartzeko ezinbestekoa da errealitate soziolinguistikoa metodo zientifikoen bidez etengabe ikertzea”, gaineratu du udalak.
Adierazi dutenez, hizkuntzen erabileraren kale-neurketak tresna baliagarriak dira plangintza eta politikak abiarazteko.
2021ean egindako kale neurketa Oiartzunen egin den seigarrena izan da. Aurrekoa 2016an egin zuten.