Karmele Mitxelenaren 'Haragiko mamuak' saritu dute
Idazle oiartzuarrak 56. Donostia Hiriko Kutxa Literatur Saria jasoko duela iragarri dute, euskarazko kontakizun modalitatean.
Pasa den larunbatean, hilak 10, jakinarazi zituzten Donostia Hiria Kutxa Literatur Sariaren aurtengo irabazleak zeintzuk diren. 2022koa 56. ekitaldia da.
Euskarazko kontakizun modalitateari dagokionez, Karmele Mitxelena Etxebeste oiartzuarrak jasoko du saria, Haragiko mamuak lanarengatik. Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi Mujika eta Jon Kortazar Uriarte epaimahaikideek horrela erabaki dute.
Irabazleek saria azaroaren 19an Donostiako Antzoki Zaharrean egingo duten ekitaldian jasoko dute. Garaikurraz gain, 15.000 euro jasoko dituzte.
Gainontzeko sarituak honakoak dira: Iñaki Cid Larrea, Behin batian Loiolan (euskarazko antzerkigintza); Fernando Villamia Ugarte, Dioses de quince años lanarekin (gaztelaniazko kontakizun liburua); eta Maria Eugenia Salaverri Garcia, Lejos de Cafarnaúm antzezlanagatik.
Inoizko parte hartzerik handiena izan duen ekitaldia izan da 56.a, 862 lan aurkeztu baitituzte (828 gaztelaniaz eta 34 euskaraz).