Irakurketa Taldeak maleta bete libururekin hasiko du ikasturtea
Sergei Dovlatoven 'Maleta' eleberriarekin hasiko dute hitzordu sorta. 2022/2023 ikasturteko zerrendaren berri eman dute.
Oiartzungo Irakurketa Taldeak bederatzigarren ikasturtea hasiko du gaur zortzi (hilak 21). Ohi bezala, hileko hirugarren asteartetan elkartuko dira, hilabeteko liburuari buruz solasean aritzeko, bibliotekako azkeneko solairuan, 20:00etan hasita. Goiatz Labandibar idazleak gidatuko ditu saioak.
Ikasturte honetan irakurriko dituzten liburuen zerrenda osatuta dute (behean ikus daiteke). Horietatik lehenengoa Sergei Dovlatoven Maleta izango da.
Azken saioa, berriz, ekainaren 29an izango da. Idazle bat gonbidatu ohi dute ikasturtea bukatzeko. Aurten Olatz Mitxelena Larreta oiartzuarra izango da,
Eleberri baten antza duen arren, zortzi istorio biltzen ditu liburuak. Zehazki, Dovlatovek Sobietar Batasunetik AEBetara erbesteratu zenean maletan eramandako zortzi objekturekin lotuta daude narrazioak.
“Literatur modalitate ezberdinetako lanak irakurri eta haien inguruan hizketan aritzea da taldearen helburua”, azaldu dute antolatzaileek. Taldean parte hartu nahi dutenek Manuel Lekuona bibliotekatik pasatu beharko dutela gaineratu dute.
-
Irailak 20: Maleta (Sergei Dovlatov).
-
Urriak 18: Arimen maisua (Irene Nemirovsky).
-
Azaroak 22: Bidasoan gora (Eneko Aizpurua).
-
Abenduak 20: Saguak eta gizonak (John Steinbeck).
-
Urtarrilak 24: Lazunak azazkaletan (Oihana Arana).
-
Otsailak 14 edo 21: Gerezi garaia (Mikel Santos Belatz).
-
Martxoak 21: Eraikuntzako materiala (Eider Rodriguez).
-
Apirilak 18: Sofia Petrovna (Lidia Txukovskaia).
-
Maiatzak 23: Haize-lekuak (Amaia Telleria).
-
Ekainak 29: Arrakalak (Olatz Mitxelena).