Altzibarreko zubietan sare metalikoa jarri dute, hondakinik ez erortzeko
Hondakinak ibaira erortzea saihestearekin, itsasoa garbiago mantentzeari ekarpena egin nahi dio Oiartzungo Udalak.
Altzibar auzoko ibai ertzeko zubietan sare metalikoak jarri dituzte. Hala jakinarazi du Oiartzungo Udalak, eta jarritako metro kopuruaren berri eman dute: 474 metro.
Udal erakundeak azaldu duenez, ibaira hondakinak erortzea ekidin nahi dute sare metaliko horrekin. “Itsasora iristen den zabor kopurua gutxitu nahi dugu, eta horrela itsasoaren egoera hobetu”, zehaztu dute.
Izan ere, itsasora heltzen diren hondakinen %80 ibai edota erreka guneetatik iristen dira.
Ez da zubietan egin duten lan bakarra izan. Altzibarko zubiko baranda margotu dutela jakinarazi dute.