Haur eta gaztetxoen artean irakurzaletasuna sustatzen jarraituko dute
Adin ezberdinetako hiru talde osatzeko aukera egongo da aurten. 'Literatur arratsaldeak'-ekin hasiko dute urtea.
Literaturaren gustuko duen herria da Oiartzun, helduen irakurle taldearen ibilbideak adierazten duen bezala. Zaletasun hori, baina, txikitatik erein nahi dute.
Horregatik, iazko udaberrian jarri zuten haur eta gaztetxoen irakur taldea martxan. 2022/2023 ikasturtean segida izango du.
Xabi Salaberria Gonzalez 1545 argitaletxeko kideak gidatuta, hilabetean behin elkartuko da irakurle taldea, bibliotekako ganbaran. Aurten, gainera, adin ezberdinetako hiru talde osatzeko aukera egongo dela jakinarazi du. Horrela banatuko dituzte:
- 1. taldea: LH2 eta LH3 (17:30etik 18:30era).
- 2. taldea: LH4 eta LH5 (18:00etatik 19:00etara).
- 3. taldea: LH5 eta LH6 (18:30etik 19:30era).
Hilabetean behin elkartuko dira, zehazteke dauden datetan. Izena emateko epea hilaren 30ean bukatuko da, eta orduan jakinaraziko dituzte zein egunetan izango diren saioak.
Bi saio, hasteko
Ikasturteari hasiera emateko, bi saio antolatu dituzte. Datorren astelehenerako —hilak 19— Malen Etxebeste Lekuona idazlea gonbidatu dute.
Oiartzuarraren Zergatik nago mundu honetan? ipuina irakurri eta ipuinaren gaiekin —bizitzaren zentzua, helburua…— elkarrizketa “interesgarri” bat sortuko dutela iragarri dute.
Hilaren 26an, berriz, Iñaki Zapirain eta Goiatz Labandibarrekin egingo dute saioa. Hizkien alde liburu-manifestua izango dute hizpide, LH2, LH3 eta LH4ko ikasleekin batera.
Bi saioak bibliotekako ganbaran izango dira, 18:00etan hasita. Toki mugatuak izango direnez, lehenago eman beharko da izena, liburutegian bertan.