Andramari abesbatza Zinemaldian arituko da larunbatean
Euskadiko Orkestrak gonbidatuta, SGAE Fundazioak eta Donostiako Zinemaldiarekin antolatutako zinema-musika kontzertuan hartuko du parte.
Bihar, ostirala, abiatuko da Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioa. Ikus entzunezko emanaldi eta sormen lan ugari aurkeztuko dituzte hilaren 24ra arte. Bada, horien artean Errenteria-Oreretako Andramari Abesbatza egongo da. Izan ere, Euskadiko Orkestrak gonbita egin dio beronek SGAE Fundazioa eta Donostiako Zinemaldiarekin batera antolatutako zinema-musika kontzertuan parte hartzera.
Ondorioz, irailaren 17an, larunbatean, abesbatza errenteriarra Juan Jose Ocon donostiarrak zuzenduriko orkestrarekin batera arituko da. Emanaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, Donostiako Belodromoan.
Sarrera doakoa izan arren, gonbita jaso beharko da. Horretarako, interesa dutenek hainbat aukera dituzte: ostirala baino lehen, Zinemaldiak Kursaalean jarriko duen informazio gunean jasotzea; Donostiako Turismo bulegoan jasotzea (09:00ak eta 20:00ak artean dago irekita, astelehenetik larunbatera), edo egunean bertan goizeko 10:00etatik aurrera belodromoko leihatilan. 3.000 ikuslerentzat du aforoa belodromoak.
Hona hemen Andramarik kontzertuari buruz luzatu duen dossierra.
