Neomak taldeak lan berria estreinatuko du bihar
Talde gipuzkoarrak gaur aurkeztu du "Neomak" diska, eta bihar Atlantikaldian kontzertua eskainiko du, albumeko abesti guztiekin.
Gaur eguerdian, Neomak musika taldeko kide Eneritz Aulestia, Garazi Otaegi eta Alaitz Escuderok taldearen estreinako albuma aurkeztu dute. Taldearen izenaren antzera, “Neomak” du izena artelan berriak, zeinak grezieraz “Ilargi berriak” esan nahi duen. Bihar estreinatuko dute, Atlantikaldia jaialdiaren bigarren egunean. Itsasargi Nagusian 23:00etan hasiko dira kontzertuak, eta “Tanxugueiras” taldearekin elkarlanean.
Ez dira taldeko kide bakarrak, ordea. Izan ere, zazpi emakume gaztek osatzen dute taldea, eta argi utzi nahi izan dute: “Hemen esandakoak, taldeko kide guztienak dira, hemen ez badaude ere”. Horiek Leire Etxezarreta, Irati Gutierrez, Maria Lasa eta Amets Ormaetxea dira.
Duela bi urte ekin zioten bideari, pandemia garaian: “Trikitixa emanaldi bat eskaintzeko eskatu ziguten Nafarroako Trikitixa jaialdian. Gerora kontzertu eskakizun ezberdinak iritsi ziren” azaldu du Otaegik. Hortik abiatuta, errepertorio propioa sortzen hasi ziren, baita “erreferentetzat” izan dituzten kantak moldatzen ere. “Orduan konturatu ginen gustura geundela, baina aldi berean gauzak modu kontzienteagoan egiten hasi ginen” azaldu du Otaegik. Oso pozik agertu dira taldekideak.
Zazpi abestik osatu dute lana. Jatorriari erreparatuta, trikitixaren mundutik datoz kideak -Kepa Junkeraren eragin zuzena dute-, baina musika estilo eta forma garaikideagoak uztartzen dituzte horrekin. Hala, trikitixa tradizionala elektronikaz busti du Neomakek. Albuma horren isla besterik ez da: instrumentu eta erritmo tradizionalak (fandango arin-arina, nagusiki) musika elektronikoko baseekin esperimentatu dutela adierazi dute, “Jimbo” Paezen laguntzaz. Escuderok adierazi du nola bizi izan duten prozesu hori: “Interesgarria izan da: gauza berriak probatuz, zerrek funtzionatzen zuen eta zerrek ez ikusiz”. Sorkuntza prozesuan garrantzizkotzat jo duten beste alderdi bati ere eutsi diote musikariek: “Musikaz gain, hitzari garrantzi berezia eman nahi izan diogu: aldarrikapen garrantzitsuak daude kantu gehienetan”. Hori horrela, albuma bidai batekin alderatu du Escuderok: “Gatozen eta miresten dugun tradizio horri eskerrak emanez hasten da, eta gure bidea eginez nora nahi dugun iritsi adieraziz bukatu”.
Bukatzeko, Eneritz Aulestiak estetikari dagozkion auziak azaldu ditu. Musika tradizio batzuei (Folka, trikitixa, panderoa) oso loturik dauden baliabideak erabiltzen dituztela adierazi dute, baita txapelketa mundutik datozela, non baserritarrez janztera behartzen dituzten parte-hartzaileak. Ondorioz, tradizioa eta “berriaren” arteko uztarketa auzi estetikora ere eraman nahi izan dutela aldarrikatu dute. Escudero: “Nondik gatoz? Tradiziotik, baina gu ez gara tradizioa bakarrik”. Hori dela eta, diskoaren azalean, irudi bidez, adineko emakumea tatuaiekin bateratu dute; edo janzkerari erreparatuta, maoizko galtzak eta atorra zurien gainean urrezko bitxiak janzten dituzte oholtzara igotzen direnean.
Hona hemen taldearen “Ilargi berriak” abestia: