Ongi etorri IX. Atlantikaldira
Gaur arratsaldean egingo dituzte lehen jarduerak. Herriko lau gune nagusiak egokitzen dabiltza muntaketa lanetako teknikariak.
Bederatzigarrenez, gaur ekingo diote Atlantikaldia jaialdiari. Helburu argiekin jaio zen 2013an: Errenteriaren itsas memoria berreskuratzea, herria mundura begira jartzea, eta mundua herrira begira jartzea.
Ardatzak eta guneak
Ardatzok hiru ekimen multzo barnebilduko dituzte datozen egunotan, nagusiki; eta horien baitan musika, dantza, tailerrak eta literatura uztartuko dituzte:
- Kultur Topagunea: Kulturen arteko elkartrukeak ahalbidetuko dira herriko zein kanpoko eragileen arteko elkarlana bultzatuz. Eragileen proposamenekin egituratu da jaialdiko programazioaren zati bat.
- Musika jaialdia: Kanpoko artistek bertako artistekin batera ikuskizun berezi eta errepikaezinak landuko dituzte. Honek, Atlantikaldian zehar taula gainean ikusten dena zirraragarria bihurtuko du.
- Itsas kodeak: Aurtengo edizioaren leloa “Itsas kodeak” da. Historian zehar, nazio eta herri ezberdinak elkar ulertzeko kodeak dira eta izan dira itsas kodeak. Astronomiatik hasi eta gaur egungo kode modernoetaraino, kultura ezberdinak elkar ezagutzeko bideak ireki dituzte itsas kodeek.
Aurreko edizioen antzera, aurten ohiko lau guneak egokitu dituzte: Herrixka (Foru plaza), Itsasargi Nagusia (Lehendakari Agirre plaza), Herriko Plaza, eta Kalekaia (Panier). Gaur, osteguna, Herrixka, Herriko plazan eta Itsasargi Nagusian garatuko da egitaraua. Bihar eta etzi, lauetan. Muntaketa lanetako teknikariak azken obrak egiten dabiltza, lau guneak egokitzera bidean.
Egitaraua
Gaur, osteguna, hurrengo jardueretan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek.
Herrixkan:
- “Hitzetan blai” literatur tailerra, 17:00-18:00: Melatu Uche Okorieren “Una vida en acogida” lana irakurriko da, jatorri ezberdineko herritar eta hizkuntzen elkarbizitzaz hausnartzeko. Egun, 80 hizkuntza baino gehiago erabiltzen dituzte errenteriarrek.
- “Atlantikaldia koloreztatuz” tailerra, 17:00-19:00: Udal ludotekek antolatuta, familiarteko eskulan eta jolasak egingo dituzte, itsas kodeei buruzkoak.
- “Nongoa zara?” ikuskizuna, 19:00-20:00: Bertsoak, marrazkia eta musika uztartuko dituen emanaldia.
- Dj Paula, 20:00-21:30: Kumbia, dancehall, eta erritmo urbanoek osatutako emanaldia.
Herriko plazan:
- “Kasko historikoan ezkutatuta” bisita gidatua, 18:30-20:00: Herriko aurkikuntza arkeologiko nahiz lanak ezagutzeko aukera paregabea. Aurrez izen ematea beharrezkoa da.
- “Begiradak” Mendi Urruzuno eta Etanowski argazkilarien ekimen ibiltaria, 18:00-19:00: Herriko okupazio mugimenduan emakumeek izandako garrantziari buruz.
Itsasargi nagusian:
- Kontzertua, 20:00-21:30: KOLINGA + Lauroba eta Leire Letu.
Egun guztietako programaren nondik norakoak hemen kontsulta daitezke. Era berean, tailerretan parte hartzeko ezinbestekoa da webgunean aurrez izena ematea.