[Elkarrizketa] "Zabaldu duten gaitza da jende askok ez dakiela torturak jaso zituela"
‘Karpeta urdinak’ pantaila handian ikusteko aukera egongo da bihar. Euskal Herrian egon diren tortura kasuak azaleratzen ditu oiartzuarraren dokumentalak, ikertzaile taldearen lanean fokua jarriz.
Bihar lehenengo aldiz ikusi ahal izango da Karpeta urdinak. Ander Iriarte oiartzuarrak zuzendu du dokumentala. Euskal Herrian emandako torturaren ikerketa bildu du 113 minututan. Estreinaldia bihar izango da, baina ez da sarrerarik geratzen. Asteleheneko eta larunbateko bigarren saiorako sarrera gutxi batzuk geratzen dira.
Hasieran Krask soinua izena izango zuen filmak. Zergatik aldatu zenuten?
Izenburuarekin saiatu ginena izan zen Euskal Herrian emandako torturak azalduko zituen hitz bat bilatzen. Krask soinuak tortura ongi definitzen badu ere, hemengo kasuistika apur bat alde batera uzten zuen. Konturatu ginen karpeta urdinek sinbolizatzen dutela Euskal Herrian gertatu dena, eta hari buruzko ikerketa. Hemen gertatu denaren sinbolo ukaezina dira. Ez dugu gehiago aurreratu nahi…
Etxean ezagututakoa da abiapuntua…
Argi utzi nahi dudana da filma ez dela nire aita eta niri buruzkoa, baizik eta aitaren kasua izan zela abiapuntua, akuilu bat. Aitak eta biok egia berrestearen bidea elkarrekin egin dugu, dokumentalean zein bizitza errealean.
Etxean beti izan dugu presente torturaren salaketa; bagenekien oso latza zela. Ikerketaren emaitzen berri izatera gonbidatu nindutenean, han ikusi nituenak nire amesgaizto okerrenak gainditu zituen, eta hori langa nahiko altu nuela. Sistematizazioa, bolumenak, formak, ikusezintasunak… Erokeria bat zen.
Ematen ari ziren sintomatologia eta gauza askorekin, nire buruari esan nion agian etxean geneukala esaten ari ziren hura, eta ez diogula inoiz izenik jarri. Guri —bagenekiela zerbait egon zitekeela— gertatu bazaigu, zer demontre gertatuko ote zen beste etxeetan.
Ematen diren datuak beti oso-oso zehatzak dira, ez dira estimazioak, baizik eta zientifikoki frogatuta daudenak. Eskandalagarriak dira; gure sistema demokratikoa kolokan jarri beharko lukete.
Nire etxean bezala, Euskal Herrian zabaltzea lortu duten gaitzetako bat da —dokumental honekin konpondu nahi duguna— zenbat jende dagoen ez duela uste torturatua izan zela, ez ziotelako beste batzuei adina hostia eman. Barkatu, baina hiru egun inkomunikatuta pasatzea, zutik, zaplaztekoak jasotzen, kartzelan hogei urtez sartuko zaituztela esatea… Hori tortura da.
Pasatzen dena da, langa oso goian jarri dutela. Alde batetik, torturatu dutenek. Bestetik, militantziak berak. Animoak ez erortzearren edo jendea ez kikiltzearren, isiltasun bat gorde da. ‘Badakigu, baina hemen bazinen, gerta zitekeen’ edo ‘Zertaz ari zara kexatzen, begira hori nola utzi duten!’ esan izan da. Hori ere hautsi nahi dugu. Jende askok ez du bere burua torturatutzat, eta bere trauma eta beldurrak hor eraman ditu.
Filma egin ahala, konturatuko zineten ez zituztela esku-liburuen irizpideak jarraitzen…
ETAren esku-liburu horri buruz ari al zara? Filmean ere hitz egiten dugu gai horri buruz. Torturari buruzko ikerketaren gauzarik harrigarriena da hor lanean aritu den aditu bati kontatzen diozu tortura kasu bat, esan gabe generoa, garaia edota adina, eta hark erantzuten dizu non eta noiz torturatu zuten, eta gizona edo emakumea zen.
Horrenbeste datu daude, egin dezakegula kronologia perfektua. Metodoak, formak eta abarrak ez dira kabitzen bi orrialdeko esku-liburu batean. Eta, gainera, alde batetik, ETAko kide batzuek ez dute salatu, eta, bestetik, probatu direnak ETArekin zerikusia ez zuten batzuek salatu dute. Ez du ez hanka ez bururik. Hori da analisi estatistikoak di-da batean proba dezakeen mila gauzetako bat.
Torturatzeko patroiak zeudela, alegia.
Instagram irekitzen duzunean, zure gustuen araberako iragarkiak iradokitzen dizkizute. Big data da hori. Ikertzen aritu direnek egin dute Euskal Herriko torturaren big data. Askotan ikertzaileek eurek gehiago dakite kasu bati buruz torturatua izan denak baino.
Adibidez, torturatu bat testigantza ematen hasi, eta esan dezake ‘ez dakit non torturatu ninduten’, erdia memoriatik ezabatuta duelako. Ikertzaileek galdetzen diotenean ea hau eta beste egin zioten, bere burua esnatzen hasten da eta gogorarazten hasten da. Tortura ikertu dutenek esan diezaiokete non torturatu zuten, data handiak dituztelako esku artean.
Zein ibilbide egingo du?
Esan dezakegun gauza bakarra da otsailaren 13an [Torturaren Aurkako Eguna] estreinatuko dugula, Euskal Herrian.
Amaia Merino da dokumentalaren muntatzailea, Non dago Mikel? zuzendu zuena. Bi arnas ere Zinemaldian emango dute, badaude beste dokumental batzuk, Lasa eta Zabala filma…
Gustatuko litzaidake dokumental hau gogoratzea Euskal Herrian gertatu denaren dokumental bezala, ez kasu indibidualena. Nire desioa da dokumental honek jendea amorraraztea, eta nolabait bidea irekitzea orain arte ukatu zaien egia, justizia eta erreparaziorako.