[Elkarrizketa] "Aurtengo Atlantikaldia kaletarra izango da"
Martxan da IX. Atlantikaldia, eta indartsu dator. 70-75 jarduerarekin eraiki dute programazioa, herriko eragileekin batera osatutakoa. Iker Tolosa da zuzendaria, eta jaialdiaren xehetasunak azaldu ditu.
Atlantikaldiaren IX. ekitaldia hasi da. Esan daiteke herrian errotuta eta egonkortua dagoen jaialdia dela, ezta?
Gizartean eta, bereziki, Errenterian dago egonkortua. Jaialdiak garapen bat bizi izan du hasierako urteetatik. Itsas memoriari oso lotutako jaialdi bezala sortu zen, eta urte hauetan egokitzen joan da herriko errealitatera. Gaur egun herrian dugun aniztasun hori sorkuntzaren bidez ospatzeko jaialdi bilakatu da bereziki.
Zerk egiten du berezi Atlantikaldia?
Inguruan egon daitezkeen beste jaialdiekin alderatzen badugu, elementu bereizgarri dezente ditu. Alde batetik, programazioaren diseinuan herriko eragileen parte hartzeak berebiziko pisua du, beraiekin batera antolatzen baitugu egitaraua. Bestalde, musikaren alorrean ez dira beste agertokitan ikus daitezkeen kontzertuak ikusten. Itsas Elkarrizketen bidez, atzerriko eta tokiko sortzaileek elkarlanean prestatzen dituzten kontzertuak espektakulu bakarra bilakatzen dira, inon gertatzen ez direnak, eta bakarrik hemen ikus daitezkeenak.
Bederatzi urtean etenik izan ez badu ere, azken bi urteak ezberdinak izan dira pandemiagatik. Nolakoak izan dira bi urte horiek?
Gazi-gozoak izan dira. Alde batetik, gogorrak izan dira genituen baldintzetara egokitutako jaialdia antolatu behar izan dugulako, horrek dakartzan zailtasun guztiekin. Sei edo zazpi aldiz aldatu behar izan ditugu plangintzak urtero. Horrek ahultze handia dakar lantaldearentzat. Bestalde, pozik eta oso harro gaude baldintza oso jakinetan jaialdiarekin aurrera egiteko gai izan garelako. Sortzaileen eta herritarren aldetik jasotzen genituen esker onak txute bat izan dira guretzako, egindako lana balioan jarri dute.
Pandemiaren eragina baretuta, kaleak eta jaialdiaren ohiko itxura berreskuratuko dituzue.
Bai, hala da. Aurtengo uda kalea berreskuratzeko uda izan da. Atlantikaldia iristerako uda osoan jaiak izan ditugu nonahi, eta ikusten da jendea gogotsu dagoela eta kale egarri dela. Aurtengo Atlantikaldia ere kaletarra izango da. Berritasun batzuk daude espazioen aldetik, baina kaleak eta ohiko itxura berreskuratzea izan dira berezitasun nabarmenak.
Itsas kodeak da aurtengo leloa. Zeri egiten dio erreferentzia?
Atlantikaldia hasieratik itsas kulturara eta itsas memoriara lotutako jaialdia izan da. Nahiz eta modu sinbolikoan izan, lotura hori mantentzen dugu. Urteroko leloak itsasoari erreferentzia egiten dio, eta aurten Itsas kodeak aukeratu ditugu. Nolabait adierazi nahi genuen itsas kodeak kultur, hizkuntza eta jatorri ezberdinetako nabigatzaileak elkar ulertzeko erabili duten kode amankomunak direla.
Gure kasuan itsas kodeak kultur adierazpenak dira. Kultur adierazpen horiek bilakatzen ditugu jatorri eta hizkuntza ezberdinen arteko hizkuntza unibertsal gisa. Herri honek kultura eta sorkuntzari arreta berezia jartzen dio, eta hori da hain zuzen jatorri ezberdinetako herritar guztiek duten hizkuntza amankomuna.
Jaialdiak lau gune nagusi izango ditu, bakoitza bere nortasun propioarekin.
Itsasargi Nagusiak urteroko izaera mantenduko du: nazioarteko musikari eta euskal artisten arteko Itsas Elkarrizketen gune nagusia izango da. Agertoki handiena da, publiko gehien bildu dezakeena. Herrixka Foru plazara eraman dugu. Herriko Plazan kontzertu intimoagoak izango dira, ohiko proposamenekin. Azkenik, Panier inguruan Kalekaia ezarri da. Urtetik urtera pisua hartzen doan gunea da. Horrez gain, toki konkretuetan garatzen ez diren jarduerak ere antolatu dira: Stand up paddle ikastaroak, herria ezagutzeko bisita gidatuak edota jarduera ibiltariak.
Itsas Elkarrizketetan jarri duzue fokua. Zer dira?
Atzerriko eta Euskal Herriko sortzaileak elkarlanean jartzen ditugu aldez aurretik ezagutu ezin ditugun emaitzak lortzeko. Bi oinarri kultural ezberdin dituzten sortzaileak elkar ezagutu, beraien lanak trukatu, eta elkarrekin ikuskizun berezi bat sortzen dute. Hizkuntza, lengoaia artistiko eta jatorri kultural ezberdineko artisten elkarlanaren emaitza dira.
Elkarbizitza, elkarlana, aniztasuna edo sorkuntza presente diren kontzeptuak dira. Zergatik?
Errenteriak herri bezala bereziki lantzen dituen balioak dira. Atlantikaldiak arrakasta baldin badu da ez delako jaialdi artifizial bat, ez da soilik lau egun hauetan lantzen den zerbait. Herri gutxi ezagutzen ditut parte hartzea, kultur aniztasuna, elkarbizitza eta sorkuntza hain modu zintzoan eta kementsuan defendatzen dutenak. Urtean zehar beste formatu eta hitzordu batzuen bidez lantzen den horrek jaialdi itxura hartzen du. Aurtengoak 70-75 jarduera ditu.
Eragileek eta kolaboratzaileek duten inplikazioa etengabe azpimarratu duzue.
Jaialdia ez da programazio hutsean osatzen. Herriko eragileek eta elkarteek hartzen dute parte eta horrek egiten du jaialdia berezi. Orain asko zabaltzen ari diren festibalen kulturaz harago doan jaialdia da Atlantikaldia.