Eskola Feministaren bederatzigarren ikasturtea, martxan
Urritik aurrera 6 ikastaro, 4 tailer, 3 jabekuntza talde eta neska gazteen txokoko bi tailer eskainiko dituzte. Izen-emateak astelehenean irekiko dira, hilak 19.
Errenteriako Udalak 2022-2023 ikasturteko Eskola Feministaren programazioa prest du, eta gaur aurkeztu dute udazkeneko egitaraua Emakumeen Etxean Itziar Ostolaza Berdintasun zinegotziak eta Amaia Cuesta Berdintasun teknikariak.
Bederatzigarren urtez jarriko da Eskola Feminista martxan, erabiltzaileen eskaerei eta azken urtean, pandemia aldiaren ondoren, antzemandako eskaerei erantzuteko diseinatutako eskaintzarekin. Horrez gain, iazko ikasturtea “positiboa” izan zela eta “herrian errotuta dagoen eskola bat” dela azaldu du Itziar Ostolazak, guztira 289 emakumek hartu baitzuten parte.
Urritik aurrera sei ikastaro, lau tailer, hiru jabekuntza talde eta 16-25 urte bitarteko neska gazteei bideratutako bi tailer eskainiko dira. Honakoa da programazio osoa:
Sei ikastaro:
- Emakumeak sareak ehuntzen.
- Munduko emakumeen literatura.
- Nork bere burua ondo zaintzen eta maitatzen ikastea.
- Gorputzaren kontzientzia eta erlaxazio gunea.
- Batukada feminista.
- Kakorratzez sareak sortzen.
Eskainiko diren ikastaroak ikasturte osokoak izango dira.
Lau tailer:
- Mendi orientazioa.
- Emakumeak zoratuagoak gaude?
- Atsolorra: amatasuna feminismotik hizpide.
- Maitasuna: maitasun loturak eraikitzen tratu onetik abiatuta.
Eskainiko diren lau tailerrak udazkeneko programaziokoak dira, udaberriko egitarauari begira tailer berriak egongo dira.
Hiru jabekuntza talde:
- Indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko emakumeen gunea.
- Emakume zaintzaileentzako topagunea.
- Emakume migratuentzako topagunea.
Jabekuntza taldeetan berrikuntzak sartu dituzte ikasturte berrira begira, izan ere, bi talde izatetik hiru izatera pasako dira aurten. Emakume migratuentzako topaguneko taldea da denboraldiko berritasuna. Ikasturte osoko taldeak dira.
Neska gazteen txokoaren tailerrak:
- Lesbianismoak eta bisexualitateak badute zerikusia nirekin?
- Autodefentsa feminista sakontzea.
Neska gazteek euren espazioak eskatu zituzten, eta beren programazio propioa dute txertatua Eskola Feministaren programazioan. Udazkeneko tailerrak izango dira, eta udaberrian berriak eskainiko dituzte.
Jarduera guztien zehaztapenak Emakumeen Etxean egongo diren eskuorrietan edo udalaren webgunean aurkituko dituzte interesdunek.
Izen-emateak
Eskola Feministako jarduera guztiak doakoak dira, eta izena emateko epea hilaren 19tik 29ra izango da. Tailerren kasuan funtzionamendua bestelakoa da, horietan izena emateko epea hasi baino hiru egun lehenago itxiko baitute.
Izen-emateak bi modutara egin daitezke: aurrez aurre ZU! Zure Udala Arreta Zerbitzuan (hitzordua eskatu behar da) edo online udaleko webgunean.
Informazio gehiagorako, Emakumeen Etxean edo telefonoz (943 44 96 30) jaso ahal izango dute interesdunek, astelehen eta ostiraletan 09:00etatik 13:00era, eta astearte, asteazken eta ostegunetan 16:00etatik 20:00etara.
Emakumeen Etxeko zerbitzuak
Eskola Feministan eskainiko diren ikastaro eta tailer guztiez gain, udal ordezkariek gogorarazi dute Emakumeen Etxeak lau zerbitzu eskaintzen dituela. Doakoak dira, eta 16 urtetik gorako emakumeei bideratzen zaizkie. Hauexek dira zerbitzuak:
- Norbanakoaren jabekuntzarako gunea, asteartetan, 16:00etatik 18:00etara.
- Orientazio juridikoa, asteartetan, 18:00etatik 20:00etara.
- Norberaren zaintza psikologikorako eta sexualerako gunea, ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara (14 urtetik gorako emakumeentzat).
- ‘Parekatu’ aholkularitza, ikasketak eta prestakuntza ibilbideak homologatzeko, hileko azken asteazkenean, 16:00etatik 20:00etara.
Zerbitzu horiek jaso ahal izateko, hitzorduak aurrez eskatu beharko dira Emakumeen Etxean.
- Astelehen eta ostiraletan, 09:00etatik 13:00era.
- Astearte, asteazken eta ostegunetan, 16:00etatik 20:00etara.
- Email bidez: emakumeenetxea@errenteria.eus.
- Telefonoz: 943 44 96 30.