Hileroko kopa eta kuleroak jasotzen ari da Bekoz Beko
Elkarte feministako hainbat kidek Indiara bidaia egingo dute, eta bertako emakumeei eraman nahi diete material menstruala.
Azido erasoak jasan ondoren bizirik irten diren emakumeak laguntzen dihardu Bekoz Bekok 2017tik. [Argazkia: Sheroes Hangout]. Pasai Antxoko Bekoz Beko elkarte feministak kopa eta kulero menstrualak dohaintzan ematera deitu du. Materiala Indiara bideratu nahi dute, hilekoa duten bertako biztanleei emateko horiek gero.
Miren, Malen eta Izaskun dira Uttar Pradesh, Indiako iparraldeko estatura, bidaia egingo dutenak, boluntario gisa. Urrian dute abiatzeko asmoa, eta ordurako bilduta beharko lukete bisitatuko dituzten 30 emakumeentzako ahalik eta hileroko material gehien.
Horretarako kanpaina abiatu dute. “Sheroes Hangout kooperazio internazionaleko proiektu bat da, zeinaren helburua horri atxikitako emakumeen ahalduntzea den”. 2017an hasi zen dinamikaren baitan kolaboratzen elkarte antxotarra, eta ordutik azido erasoak jasan ondoren bizirik irten diren emakumeen burujabetze prozesua bultzatzeko lanean ari dira.
“Bertan [Uttar Pradeshen] zenbait heziketa tailer egingo ditugu”, azaldu dute, “eta horietan parte hartzen dutenentzako kopa eta kulero menstrualak eraman nahi ditugu, hileroko auto-zaintza erreminta gisa”. Bi horiek hilerokorako aukerarik onena direla iritzi dute kideek, honengatik: erraz garbi daitezkeelako, berrerabilgarriak direlako, eta iraupen luzekoak eta ekologikoak direlako.
Crowdfunding-a
Behar duten materiala biltzeko 900 euroko aurreikuspena egin dute, eta zifra hori ezarri dute helburu abiarazitako crowdfunding-ean. Dohaintzak esteka horretan klikatuta egin daitezke.
Oraingoz 12 lagunek egin dute euren dohaintza, eta 575 euro bildu dituzte horiei esker. Kopa batek 10 euro eta kulero batek 20 balio ditzakeela zehaztu du Bekoz Bekok, nork jarri nahi duen zenbatekoa erraz kalkula dezan.
