[Elkarrizketa] «Kontxa pasa da, baina aurten gure Kontxa play-offak izango dira»
Eusko Labelera igotzeko play-offa jokoan izango du ‘Libia’-k asteburuan. Igotzeko aukerekin ikusi ditu lehendakariak: «Konfiantzarekin goaz».
Azken hiru urteak KAE 1en izan ondoren, maila gorenean, onenekin, berriro lehiatzeko ateetan dago Libia. Liga buru bukatu badute ere, garaipen handia dute aurrean: Eusko Labelera igotzeko play-offa. Bost traineru arituko dira lehian (San Pedro, Lekittarra, Pedreña, Samertolameu eta Bueu), eta bik soilik lortuko dute datorren sasoian goian aritzea.
Play-offen lehen jardunaldia bihar arratsaldean izango da, Bermeon (erlojupekoa 18:10ean abiatuko da, eta zaleen autobusa 15:00etan aterako da San Pedrotik), eta igandeko erlojupekoa 12:00etan hasiko da, Portugaleteko uretan (autobusa 08:30ean hartuko dute).
Eusko Labelera igoera lehiatuko duzue asteburuan. Aukerekin doa Libia?
Bai, bai, aukerekin gaude. Udara ongi joan da, badakigu zaila izango dela, eta uste dugu borrokatuta egongo dela, baina konfiantzarekin goaz.
Ez dago ere faborito argirik; agian Lekittarra puntu bat gorago egon daiteke, Eusko Labeletik datorrelako, baina uste dugu besteen artean pareko gaudela; eta, tira, nik uste Lekittarra ere sartu beharko genukeela gure multzo horretan.
Abuztuaren 20ean berretsi zenuten KAE 1-eko lidergoa eta, beraz, play-offerako zuzeneko txartela. Ordutik ia hilabete pasa da. Zertan eman duzue tarte hori?
Azken entrenamenduetan karga gehiago sartu genuen serieetan, eta teknika apur bat findu. Azkenean, fisiko aldetik egina zaude; gero, kontua da, detaile txiki horiek landu eta behintzat ahalik eta modu egokienean heltzea play-offetara.
Kontxako sailkapen estropadan egon ginen abuztuaren 31n, baina noski, bi aste daude hor pasa behar dituzunak gogor entrenatzen, besterik ez. Baina tira, azkenean, mentalizatuta gaude. Orain dela bi eta hiru urte ere play-offetan murgildurik egon ginen, eta arraunlariek esperientzia badute, badakite hau gogorra dela, baina behintzat gogotsu daude.
2020an lehiatu zenuten azken igoerarako play-offa.
Bai. 2019an Eusko Labelen hamaikagarren izan ginen, eta orduan alderantziz lehiatu genuen play-offa: ez jaisteko; eta 2020an bai izan zela bigarren egin genuelako KAE 1 ligan, eta igotzeko egin genuen arraun.
Horregatik, zentzu horretan, arraunlariek badute eskarmentua. Gazteak gara, 24 urte du bataz beste taldeak, baina behintzat esperientzia badago, mentalki batez ere, zeren fisikoa egin egiten da, baina garrantzitsuena bestea da halako egoeretan.
Kontxarako sailkapen estropadan bat egin zenuten igoerarako lehian arituko zareten bostek. Indarrak neurtzeko zuen arteko ligaxka bat ere izan al zen?
Hori aditu askok esaten dute baliagarria dela erreferentziak hartzeko, eta beste batzuek esaten dute ezetz. Gainera, guri, tokatu zitzaigun Eusko Label ligako traineruen multzoan ateratzea, eta txanda batetik bestera, haize gehiago edo gutxiago bada, ez da berdina…
Azkenean, Pedreñarekiko badugu erreferentzia, urte osoa eman baitugu elkarrekin lehian. Gero, bai, galiziarrekin erreferentzia batzuk hartzeko balio izan zigun. Erreferentzia bat da? Bai, noski. Ez dakit, ordea, baliagarria izango den halako erabaki handiak hartzeko. Adibidez, Pedreñak 18 segundora egin zuen [San Pedrorekiko, Kontxarako sailkapen estropadan], eta nik ez dut uste play-offean alde hori egongo denik.
Orduan, tira, balio du erreferentzia bat hartzeko, baina ez da ere oso fidagarria.
Azken hiru urteak KAE 1en emanda, igotzea izugarrizko arrakasta litzateke. Ez igotzea, ordea, ez da porrota, ala?
Ez, ez. Guk klub bezala argi dugu: lorpen txikiak azpitik egiten dira. Gure emaitzak, kasu honetan, lorpen txiki horien ondorio dira. Denboraldi hasierako helburua ligan lehen lauen artean gelditzea genuen, eta hori lortu dugu. Irabazteak, gainera, eta egin dugun moduan, konfiantza bat ere ematen dizu.
Tira, arraunlarientzat, noski, mentalki kolpea izan daiteke ez igotzea, borrokan-borrokan ari baitzara, ilusio horrekin… Baina guztiak balio du ikasteko, eta ez bagara igotzen, jarraitu, jarraitu eta jarraitu egingo dugu.
Gakoa ez da igotzea. Hori polita da, noski, baina gakoa da konstantea izatea. Klub bezala, pixkanaka, aurrera egitea dugu asmo. Garrantzitsua da igotzea, noski, baina gure partetik klubaren helburua estrukturalki behintzat hazten joatea da, epe luzera betiere.
Zer-nolakoa ari da izaten sanpedrotarren erantzuna?
Herria urduri dago [barrez]. Asteburua iristea nahi dute! Batzuk, gainera, bideoak egiten ari da, mundu guztia saltsan dago, eta Kontxa pasa da, baina aurten gure Kontxa play-offak dira, jendea horren zain dago: Portugaletera heldu eta Libia hor ikusi.
Herria oso gainean dago, eta ilusioarekin. Gure helburua beti da Libia lehiakor bat ateratzea, baina baita herri mailan jendea inplikatzea ere. Bai Bermeo eta bai Portugaletera bi autobus beteta eramango ditugu, eta gero jendea bere kabuz ere joango da; askok, gainera, Bermeon jaiak direla aprobetxatuko dute!