Gazteria programa aurkeztu dute
Aurrekoen antzera, aurtengo ikasturtean hainbat jarduera eskainiko ditu udalak 0 eta 18 urte arteko gazteei bideratuta. Izen emateak, oro har, zabalik daude.
Errenteriako Udaleko Gazteria sailak haur, gazte eta familientzako programa aurkeztu du gaur eguerdian. Aurreko urteen antzera, aurtengo ikasturtean zehar 0-18 urte arteko biztanleriari ekimen eta jarduera desberdinak eskainiko dizkie udalak. Urriaren 3an ekingo diete jarduerei.
Familia Gunea
Abian jarriko duten lehen programa, 0 eta 6 urte arteko haurrei zuzendurikoa. Berrikuntza gisa, aurten, eskaintzen den edozein txandatan parte hartu ahal izango dute familiek, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 19:00etara eta asteazken eta larunbatetan 10:00etatik 12:00etara. Txanda bakoitzean 18 familiak hartu ahalko dute parte, gehienez ere.
Dena den, familiek aldez aurretik eman behar dute ZU! arreta zerbitzuan, irailaren 28a baino lehen. Ordutegia, hurrengoa:
- Astelehenetan: 7:30etik 14:00etara.
- Astearte eta ostegunetan: 07:30etik 19:00etara.
- Asteazken eta ostiraletan: 07:30etik 15:00etara.
Kuota helbideraketa bidez kobratuko da: hiru hilabeteko probaldiak 21,03 euro balioko du, eta ikasturte osokoak 42,07 euro.
Familian jolasean
Honakoa 6 eta 12 urte arteko umeei eskainitakoa da; aisialdian zehar euskaraz gozatu nahi duten horiei, hain zuzen ere. Agustinak auzoko Markola hiribideko 24.ean elkartuko dira ostiralero, 17:30etik 19:30era.
Ikasturtean zehar, gainera, hainbat jarduera egingo dituzte helburu berdinarekin. Horietako lehena Beraun auzoko jaietan egin zen, irailaren 9an.
Ludoteka
Errenteriako sei ludotekek (Agunstinak, Beraun, Erdigunea, Gabierrota, Kaputxinoak eta Markola auzoetakoak) 6 eta 12 urte arteko umeei balioetan oinarritutako hezkuntza-aisialdia eskaintzeaz arduratuko dira. Izen-emateak ludoteketan bertan egingo dira 17:30etik 19:30era, baita zerbitzu hauek ezagutarazteko auzo bakoitzean egingo diren jarduera berezietan ere. Aforoa mugatua izanik, eskariak eskaintza gainditu ezkero zozketa bidez esleituko dituzte plazak, irailaren 29an.
Izen-ematea formalizatzeko kuota ordaindu beharko dute. Hiru hileko kuota 21,03 eurokoa da eta ikasturte osokoa, 42,07 euroko ordainketa bakarra. Dena den, familia bakoitzaren erosahalmenaren arabera zenbateko hori mugatuko dute.
Gaztelekua
13 eta 17 urte bitarteko gazteentzat udalak eskiniko duen bi zerbitzuetako lehena. Parte hartze aktiboa sustatuko da honetan. Gazteek Beraun eta Gabierrota auzoetan dauden gaztelekuetan izena emateko aukera izango dute, asteazkenetik larunbatera, 17:30etik 20:30era. Era berean, hilaren 22an Beraunen eta 23an Gabierrotan egingo diren jarduera berezietan ere aukera hori egongo da.
Kuadrillategi
13 eta 17 urte bitarteko gazteentzat udalak eskainiko duen bi zerbitzuetako bigarrena. Izena eman nahi duten gazteek irailean zehar eman ahal izango dute, Oarsoaldeko weborriko esteka jarraituta. Dena den, zerbitzuaren informazioa ikastetxeetan eskainiko da.