IV. Familia lasterketa aurkeztu dute
Larunbatean ospatuko dute, arratsaldeko 17:30etan Niessenen. 16:30etik aurrera, ordea, arratsalde osorako jai giroko egitaraua antolatu dute.
Itzuli da Familia Lasterketa Errenteriara. Egoerak behartuta, 2020ko edizioa bertan behera utzi zuten, baina aurten Egiluze ikastetxeak gogoz antolatuko du IV. Familia Lasterketa.
Larunbatean (hilaren 24an) ospatuko dute, jai-giroan, gune nagusia Niessen merkatalguneko Xabier Olaskoaga plaza izango delarik. Cristina Jareño ikastetxeko zuzendariak honako hitzen bidez adierazi du egitasmoaren nondik norakoa: “Kirola eta osasuna sustatu nahi izaten dugu ekimen honen bidez, baina ez hori bakarrik: mundu guztiarentzat irisgarria izango den ekimena da, inklusiboa. Gautegi eta Atxegiko lagunek parte hartuko dute”.
Parte hartzaileei dei egin diete 16:30ean hurbildu daitezen, lasterketa 17:30ean abiatuko bada ere. Horrela, beroketa denek batera egiteko aukera izango dute. Behin lasterketa abiatuta, lasterkariek hiru kilometroko ibilbide laua bete beharko dute erdiguneko kaleetan barrena. “Ez da zertan dena korrika egin behar; norberak erabakiko du ibilbidearen zein zati egin korrika, eta zein oinez. Helburua jai bat izatea eta ohitura osasungarriak sustatzea da” argitu du Jexus Orbegozo ikastetxearen ordezkariak.
Maite Gartzia Kirol zinegotzia aurkezpenean egon da. Udalak ekimenak helarazi nahi dituen baloreekin bat egiten duela adierazi du: “Udalak familia, kirola, osasuna, eta berdintasuna transmititzen dituen ekimenetan parte hartuko du”. Hala, dei egin die herritarrei parte hartzera.
Jai giroa
Ekimenaren helburua uneoro familiartean osasuna, arratsalde osoan zehar jai giroa izango da nagusi herriko erdigunean. Izan ere, Deiadar txarangaren emanaldiak lasterketa aurreko nahiz ondorengo giroa berotuko du. Hortaz gain, lasterketa amaitzean Zumba masterclassa eskainiko dute plazan bertan, eta DJ batek emanaldi musikala eskainiko du ere. Hori guztia gutxi balitz, parte hartzaile guztiek hainbat sariren zozketetan parte hartuko dute.
Izen emateak
Izen emateak irekita daude, eta lasterketan parte hartzeko interesa duten herritarrek hainbat bide izango dituzte horretarako. Alde batetik, Niessengo Forum Sport dendan edota Egiluze ikastetxeko idazkaritzan egin daiteke. Bestalde, 943 510 654 telefonora dei eginda edo idazkaritzara mezu elektronikoa bidalita ere antolatzaileek izena emateko jarraibideak luzatuko dizkiete herritarrei. Azken orduan inor animatuz gero, Xabier Olaskoaga plazan izena emateko aukera egongo da larunbatean bertan.
Prezioari dagokionean, txiki eta gazteek, 16 urte arte, hiru euro ordaindu beharko dute. Helduek, berriz, bost euro.