Mugi txartela duenak bizikleta prest jar dezake doan
Prestaturiko kamioi-tailer batek 10 udalerri bisitatuko ditu bizikletak 'tuneatzeko' edota konponketa mekanikoak egiteko aukera eskainiz.
Mugi txartelaren erabiltzaileek euren bizikleta doan berrikusi ahalko dute Jarri zure bizikleta puntuan MUGIrekin iniziatibari esker. Elkarren segidako laugarren urtez, programari atxikiriko dendetan egin ahalko da hori, baina aurten, estreinakoz, kamioi-tailer batek zenbait udalerri ere bisitatuko ditu zerbitzua eskaintzeko.
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Trintxerpeko Gernika plazan iniziatiba Ander Iturri Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun zuzendariak eta Andrea Palomares Pasaiako zinegotziak. Egun horretan Pasaiako barruti hartan hartu zuen lur kamioiak, eta bertatik Lasarte-Oriara abiatu da.
Eskualdeko hurrengo eta azken geldialdia Errenteria-Oreretan egingo du tailer ibiltariak: hilaren 22an -osteguna- Zumardian egongo dira kamioia eta bertoko mekanikan adituak, 16:00etatik 20:00etara bitarte doako berrikusketa eta aholkularitza zerbitzua eskaintzen.
Ibilgailura hurbiltzeko aukerarik ez duenak programari atxikitako 14 denda laguntzaileetan ere jaso ahalko du doako zerbitzua, hilaren 30era bitarte. Edizio honetan bi establezimendu berri batu zaizkio saiakerari. Oarso-Bidasoko dendak honakoak dira: Khubikes, Errenteria-Oreretan; Ciclos Arretxe, Hondarribian; eta Cyclope Bcis, Irunen.
Zozketa
Atzoko agerraldian Iturrik aditzera eman zuenez, programaren baitako zerbitzua jasotzen dutenek, establezimenduetan nahiz kamioian dauden kupoiak beteta zozketa batean parte hartuko dute. Sariak bi bizikleta eta atxikitako establezimenduetan bizikleta materiala erosteko 50 euroko bi bonu dira. Mugi txartelerako 20 euroko 60 karga ere zozkatuko dira.