[Erreportajea] Eraldaketa digitala eta ekologikoa helburu
Udalak diru-laguntzak eskaini dizkie ostalari, merkatari eta zerbitzuetako enpresei, Internet bidezko salmenten igoerak eta energiaren garestitzeak bultzatuta.
2022. urtean zehar eskabidea irekita egon bada ere, udalak merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetan banatuko dituen diru-laguntzen eskabidea egiteko azken eguna azaroaren 18a izango da. Laguntzon helburua da eraldaketa digitala eta trantsizio ekologikoa sustatzea, tokiko eragile ekonomikoek bizi dituzten zailtasunei aurre egin diezaieten. Orotara, 450.000 euro banatuko ditu Errenteriako Udalak. Enpresa bakoitzak, ondorioz, 4.500 euro arteko laguntzak jaso ahalko ditu guztira: 1.500 eraldaketa digitalerako, eta 3.000 trantsizio ekologikorako.
Nagusiki, teknologiak eta globalizazioak salmentan izan duen eraginak bultzatu du udala erabaki hori hartzera. Alegia, azken hamarkadetan arrakala geroz eta agerikoagoa joan da bihurtzen, Internet bidez saltzeko gaitasuna izan duten eta aukera hori izan ez dutenen artean. “Graduen arabera, laguntzak enpresen digitalizazio mailaren arabera eskainiko ditugu” azaldu du Eneko del Amo Garapen Ekonomikorako zinegotziak.
Era berean, teknologiaren garapen horrek biztanleriaren ohituretan eragin eta online salmentak ohiko bilakatu ditu. Gainera, Covid-19aren hedapenak prozesu hori azkartu besterik ez du egin azken urte eta hilabeteetan. Besteak beste, itxialdiak enpresek bertatik bertara saldu ezin izatea eragin du, mugikortasuna murriztu izanagatik.
Digitalizazio prozesuaren beharra aspaldi aurreikusi zuen Errenteriako Aholku Kontseiluak. Udalaren, eta merkataritza, ostalaritza nahiz zerbitzuen sektoreko establezimenduen partaidetza du kontseiluak. «Urteak daramatzagu eraldaketa digitala aztertzen, ohitura aldaketengatik eta TicketBAI bezalako berrikuntzengatik» argitu du zinegotziak.
Trantsizio ekologikoa sustatzea da laguntzon beste helburua. Zinegotziak argi du eguneroko ohituretan aldaketak egin daitezkeela: «Herriko establezimenduak erresilienteagoak bihurtu nahi ditugu, adibidez, plastikozko poltsen ordez berrerabilgarriak erabiltzera animatuz». Horrela, Ukrainako gerrak eta beste hainbat faktorek eragindako energia iturrien krisiari eta prezioen igoerari aurre egingo dietela ziurtatu du.