Lau Haizetarak Egunean Behinen parte hartzera egin du dei
Datorren astelehenean abiatuko da joko interaktiboaren hamargarren denboraldia. Elkarteak "700 urte + euskaraz" taldea sortu du.

Lau Haizetara elkarteak Egunean Behin joko interaktiboan parte hartzera egin du dei. Datorren astelehenean, irailaren 26an, abiatuko da euskarazko lehiaketaren hamargarren denboraldia, eta Lau Haizetarak “700 urte + euskaraz” taldea aktibatuko du berriro ere.
Hori dela eta, elkarteak herritarrak taldean erregistratzera animatu nahi izan ditu. Horretarako, Google Play plataformatik aplikazioa jaitsi eta talde batera sartzeko aukeran “C3737B” kodea sartu beharko dute interesa dutenek.