50 eta 75 urte bitarteko antxotarrak, ‘kintada’ bakarrean
Antxoko kintoen jaiak 1947 eta 1972 urteen artean jaiotako antxotar guztiak kintoka elkartzera deitu ditu. Oraingoz, 1.300 lagun inguru izango direla aurreikusi dute. «Herriko espazio guztiak hartuko ditugu».
Euskal gizartean erroturiko tradizioa da kintoena. Bost urtero, bi urtean behin edota, badira urtero ere elkartzen diren adinkideak kinto-bazkari eta afariak egiteko. Batek lana kanpoan topatu izanagatik, besteak senarra edo emaztea alboko herrikoa zuelako… aspaldi begien bistatik galduriko aurpegiak berriro ikusteko aitzakia ezin aproposagoa izan ohi dira hitzordu horiek.
Zer gertatuko litzateke, baina, norberaren urte berean jaiotako herrikideak ez ezik, aurreko 25 urteetan jaiorikoak ere elkartuko lituzkeen kinto-egun bat deituko balu inork? Bada, bi hamarkada eta erdi atzera egin eta orduko herri bera izango litzatekeela —apur bat zaharturikoa, hori bai—, egun batez behintzat, elkarretaratzerako hautaturikoa.
Ezin egingarria dela pentsatuko luke inork, eta are gutxiago Pasai Antxo bezalako bizitoki batean. Nola antolatu, 5.000 biztanle inguru dituen barruti batean, ehunka edota milaka lagun elkartuko dituen bazkaria? Bada, 1965ean jaiotako antxotarrei galdetu beharko litzaieke, haiek errealitate bihurtuko baitute burutazio hori.
Kintoen bilkura erraldoia egiteko ideia 50 urte bete zituzteneko bazkarian otu zitzaien, lehen aldiz, harrikada moduan. Erokeria zirudien hori, ordea, sekula ezaguturiko denbora-tarte eroenean, asmo erreal bihurtu zen. «Pandemian denok ginen entzerratuta, zigortuta, eta hori izan zen, nagusiki, piztailea», azaldu du Josu Reyk, antolatzaileetako batek. 2020ean zuten belaunaldi hartakoek hurrengo hitzordua (55. urtebetetzearekin), eta azkenean 57rekin elkartuko dira; ez haiek bakarrik.
Urriaren 22an, beraz, larunbatarekin, 50 eta 75 urte bitarteko 1.300 lagun inguru batuko ditu Antxoko kinto jaiak. «Festa erraldoia izango da», aurreratu zuten arduradunek aurkezpen ekitaldian. «Cadiz, Logroño, Bartzelona, Santander eta Galiziatik ere etorriko da jendea, egun horretarako bakarrik», poztu da Jokin Oiarbide antxotarra. «Horiek ere, orain bizi diren lekuan bizita ere, antxotarrak dira, azken batean», esan du Mamen Zinkunegik.
Orain dela 25 urteko herria
Euren gaztaroan Antxok zuen «herri izaera» faltan sumatzen dutela esan dute 1965ekoek: «Orain dela 25 edo 30 urte, Antxon, beti ginen berberak, eguneroko bizilagunak… Orain hori galdu egin da, jendea gehiago mugitzen da».
Zimur eta ile urdin baten bat gehiagorekin bada ere, denboran atzean egiteko modua izango zaie urrikoa. «Zu Antxon jaio bazinen orain dela 75 urte, egun hona bueltatu eta hiru lagun eskas ezagutuko dituzu», mintzatu da Oiarbide, «eta aurten denok elkar ikusi ahalko dugu; belaunaldi oso bat gara».
Kinto bakoitzari esleitu zaio, jada, bazkaltzeko gunea. «Antxoko taberna, elkarte, plaza, frontoi, udal areto.. den-denetan egongo dira bazkariak. Herriko espazio guztiak hartuko ditugu. Bazkaririk ematen ez duenak hamaiketakoak emango ditu», Zinkunegik. Taberna eta jatetxeetan bazkalduko dutenek izan ezik, beste mahaikide guztiei kontratatu duten catering batek emango die bazkaltzen.
Udalak jardunaldia antolatzeko «dena eman» duela aitortu dute bizilagunek, eta finantzazioaren zati handiena beregain hartuko du organo publikoak. Halarik ere, kintoen festara batuko den orok, bazkaria ordaintzeaz gain, 5 euro gehiago jarriko ditu antolakuntza kostuei aurre egiteko. Izan ere, prestatu duten egitaraua ez baita ahuntzaren mihi.
Egitaraua
Eguerdiko 12:00etan suziria botako dute Biteri plazan (obrengatik okupatu gabe dagoen espazio bakarrean), eta jarraian, barrutiko kale nagusietan barrena murgilduko dira txaranga, dultzainero eta gaiteroen doinuek girotuta.
Hamaiketakoa egiteko kintoka banatuko dira, eta bakoitzari topaleku bat izendatu zaio, dagoeneko, horretarako. «Gehiegi baikara», esan du Jose Manuel Crespo antxotarrak, «ezingo ginateke denak elkarrekin eremu berean sartu».
Bitarte horretan, eta 14:45ak bitarte, adinkide guztiei argazki bana aterako dizkiete Antxoko Foto Cano eta Donimag dendetako argazkilariek. Horretarako ere hitzordu eta kokaleku konkretua emango dizkiete antolatzaileek. Kintoen erdiak elizako eskaileretan egingo du argazkia, eta beste erdiak Axular plazan.
Jaialdian parte hartuko duten guztiek zapi gorri bat eramango dute lepora lotuta, bakoitzari dagokion jaioturtearekin.
Eguneko hitzordu handia 19:30ekoa da: Puro Relajo talde ezagunak emanaldia eskainiko du frontoi zaharrean, eta bertan, dantzaldirako, bat egingo dute 50 eta 75 urte bitarteko antxotarrek.
Loteria
Azken detaile bezala, aurkezpen egunean aurreratu zuten Gabonetako Loteriako zenbaki oso bat eskuratu dutela antolatzaileek kintoentzako. «Zenbaki horretako dezimo guztiak hemen salduko dira, ez dira beste inon eskuragarri egongo», zehaztu du Oiarbidek. Bazkarira doazenei horiek erosteko aukera eskainiko diete lehendabizi, eta soberan gelditzen direnak salgai jarriko dituzte ondoren.