Muniskuegañako multzo megalitikoa bisitatzeko, txangoa
Arditurriko parketxeak antolatu du ibilaldia, urriaren 9rako. Luis Maria Zalduak gidatuko du txangoa; kromletxak, dolmenak eta abar ikusiko dituzte
Arditurriko parketxeak txangoa antolatu du urriaren 9rako. Ez dute Oiartzun inguruan egingo, baizik eta Urnieta eta Hernani aldera joango dira. Muniskuegañako multzo megalitikoa bisitatuko dute.
Luis Maria Zalduak gidatuko du ibilaldia, azalpenak emanez. Arkeologia ondare handia biltzen du mendiak: hiru kromletx, zutarri bat… Horrez gain, zuhaitz lepatuak edo saroiak ere erakutsiko ditu Zalduak. Izan ere, Urumeako zilegimendietan dago; lur komunalak ziren, abeltzaintza eta basogintzarako erabiltzen zirenak.
Balio arkeologikoaz gain, ikusmira paregabeak ditu mendiak. Bertara iristeko bidea erraza dela nabarmendu dute antolatzaileek.
Hilaren 9ko ibilbidea egiteko, Urnietako Besadegi parajean jarri dute zita, 10:00etan. Parte hartzeko izena eman beharko dela adierazi dute, aldez aurretik. Horretarako 943 49 50 69 edo 688 89 50 68 telefono zenbakietara dei daiteke, edo e-posta bidez idatzi. Prezioa bost eurokoa izango da.