30.000 euro gehiago, eskailera mekanikoen mantenurako
Gran Sol, Pablo-Enea eta Kanpitxo lotzen dituzten eskailera mekanikoen konponketa eta mantenurako diru-partida handitzea erabaki du udalak.
Udalak 30.000 euroan handitu du Trintxerpe eta San Pedroko goiko auzoak herrigunearekin lotzen dituzten eskailera mekanikoak konpontzeko aurreikusiriko zenbatekoa. Bizilagunak aspaldi kexu dira horiek etengabe matxuratzen direlako, eta atzoko udalbatzarrean aho batez onarturiko kreditu aldaketa bati esker egingo da inbertsioak.
Horrela, 80.000 eurokoa izango da, guztira, eskailera horietan behar diren egokitzapen eta berriketak egitera udalak 2023an bideratuko duen diru-partida. Lehen 35.000 euroak eskaileren funtzionamendu “egoki eta segururako” ezinbestekoak diren elementuak konpontzeko erabiliko dira, eta gainerakoa, diru-partida osatzeraino, elementuak ordezteko eta zerbitzuaren mantenurako.