Pikillo piperren bila joango dira Aiton Bordakoak
Herriko erretiratuen elkarteak Nafarroara txangoa antolatu du azaroaren 3rako. Besteak beste, pikillo piperrak nola egiten diren ezagutuko dute.
Pikilloen Txangoa izenekoa antolatu du Lezoko Aiton Borda erretiratuen elkarteak azaroaren 3rako. Beraz, Nafarroako erriberako altxor dena eta gehiago izango dituzte lagun autobusak dituen 56 plazak (izena eman ahala beteko dira plazak, eta gehiago ez dira onartuko) erreserbatuko dituztenek.
Honakoa da azaroaren 3ko plana: 08:30ean aterako dira Lezotik; Lodosara (Nafarroa) iritsi, gidarekin elkartu, eta pikillo piperra era artisauen lantzen duten Den enpresara bisita egingo dute (luntxa izango dute han); ondoren, Lodosako plaza eta eliza bisitatuko dituzte; jarraian, Mendabiako Mainegra upeltegira joango dira hura bisitatu eta han egiten duten xanpaina dastatzera; 14:00ak aldera, Azagrako Hostal Venecian bazkaria egingo dute, bukatzeko bingoa izango dutelarik; 20:00ak aldera izango dira Lezon bueltan.
Bidaiaren prezioa 30 eurokoa da, eta izena ematerakoan (Aiton Bordan eman behar da izena) dirua juxtu eramateko eskatu dute, bueltekin aurrera eta atzera ez ibiltzeko. “Egun zoragarria izango da, eman ezazu izena”, esan dute Aiton Bordakoek.