'Herrian xaltoka', lagun bila
Xalto pailazoaren 'Herrian Xaltoka' proiektua Piztu Meta! egitasmoaren barruan egoteko hautatua izan da. Egitasmoa babesteko diru bilketa hasiko da orain.
Lezoko egitasmo bat Piztu Meta! 2022 Matchfunding deialdirako aukeratu dute, beste hamalau egitasmorekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundia da Piztu Meta!-ren arduradun. Xalto pailazoak landutako Herrian Xaltoka egitasmoa da aukeratua izan dena. Lezoko kultura, euskara, jendea eta ondarearen ezagutaraztea dago Herrian Xaltoka egitasmoaren oinarrian. Sormena aktibatzeko egitasmo berritzaileak aukeratu dituzte Piztu Meta!-ren barruan, eta proiektu horiek garapen teknologikoarekin eta garaiko premiekin ahalik eta lotura onena izan behar dute.
Baina zertan datza Matchfunding deialdia? Bada Crowdfunding kanpainen antzekoa da, baina baditu aldeak. Hala, nahi duenak aurkeztu diren egitasmoak egikaritzeko diru ekarpena egin dezake, eta aldundiak, herritarrek ekarpenak egiteko epe hori bukatzen denean, jasotakoaren adina diru jarriko du. Demagun: Herrian Xaltoka egitasmoa laguntzeko prest dauden herritarrek orotara 1.000 euroko ekarpena egiten badute, aldundiak beste 1.000 jarriko ditu automatikoki egitasmoa gauza dadin.
Goteo plataforman publikatuko dira aldundiaren egitasmo horren barruan hautatutako hamabost lanen ezaugarriak, tartean Lezokoa dela. Irailaren 29an (osteguna) hasi ahalko da kanpainaren barruko diru ekarpenak egiten.