Udalak Adinberri eraikitzeko lizentzia eman dezake jada
Pasaiako Udalak zentro berria eta lurpeko aparkalekua eraikitzeko lizentzia eman ahalko du Gipuzkoako Foru Aldundiak hala eskatzen duenean.
Pasaiako udalbatzak, atzo egindako udalbatzarrean, behin betiko onartu zuen arau subsidiarioen aldaketa puntuala Adinberri zentroa Pasaiako hirigintza-araudira egokitzeko. Horrek esan nahi du udalak zentro berria eta lurpeko aparkalekua eraikitzeko lizentzia eman ahalko duela, Gipuzkoako Foru Aldundiak hala eskatzen duenean.
Pasaiako udalbatza osatzen duten alderdi guztiek bat egin zuten, aho batez, aipaturiko arauaren aldaketa onartzerako orduan. Izaskun Gomez alkateak oso positibotzat jo du aurretiazko izapide guztiak onartu izana.