Berrikuntza eta erronkaz beteta hasi dute ikasturtea Orereta Ikastolak eta Oiartzok
Joan den hilaren 12an hasi zuten ikasturte berria Orereta Ikastola eta Oiartzo Batxilergoan, ohiko jardunean ari dira. Alor pedagogikoari dagokionez "ahalegin berezia" egingo dute aurten.
Joan den hilaren 12an eman zioten hasiera ikasturte berriari Orereta Ikastolako eta Oiartzo Batxilergoko ikasleek. Ohiko jardunean ari dira jada, eta eskolaz kanpoko ekintzak ere hastear dira: urriaren 3an hasiko dira. Honekin, inauguratutzat emango dute ikasturte berria.
Ohar batean azaldu dutenez, alor pedagogikoari dagokionez “ahalegin berezia” egingo dute aurten, “inoizko baliabide pedagogiko gehien izateko” asmoz. Horren inguruko hainbat adibide jarri dituzte: DBHko Curriculum Anitzeko Gelak egonkortuko dituzte 3. eta 4. mailetan, “inklusibitaterantz pauso bat gehiago emanez”; HIPI programari (hizkuntza indartzekoa) “berariazko hauspoa” eman diote, gurera iritsi berri diren eta euskaraz ez dakiten ikasleei laguntzeko asmoz; eta azkenik, ikasturte berrirako hezkuntza berrikuntzako irakasle talde eta erreferenteak egituratu eta indartu dituzte.
Horrez gain, Linoko eraikineko jangela (HH4 eta HH5) eraberritu dutela gogoratu dute, “ohiko eskola ordez kanpoko jarduna hezkuntza proiektuan ahalik eta gehien txertatzeko bidean aurrerapauso bat gehiago emateko helburuz”. Esaterako, ikasleen neurriko altzariak jarri dituzte eta otorduetan haurrak subjektu aktibo izan daitezen baliabideak ere jarri dituzte.
Bestetik, azken urteetan josten ari diren “lankidetza sare eraginkorra” nabarmendu nahi izan dute. “Gure balore eta ezaugarriei jarraiki, bertakoak, irabazi asmorik gabeak, kooperatibak, euskaran eta euskal kulturan ardazten direnak… diren eragileekin elkarlana sendotzen ari gara”. Zentzu horretan Goiener, Errigora edo Gureak-ekin elkarlana egingo dute bi zentroek.
Kilometroak 2023
Orereta Ikastolak antolatuko du datorren urteko Kilometroak, historian antolatzen duen hirugarren aldia izango da. Horri begira erantsi dute festa handi bat izatetik hitzordu txiki gehiagoko egitasmoa izatera pasatzen ari dela Kilometroak, eta Ibarrako edizioan bezalaxe, horrelakoak egiteko asmoa dutela Ikastolako kideek. Komunitatea indartu nahi dute, eta horretarako, herritar eta eragile oro ibilbide horretara ongi etorria izango dela diote, “bere ekarpena egitera, oraindik bertatik hasita”.