Gipuzkoa 2, finalaren bila Madalensoron
Gipuzkoa 2k bote luzeko txapelketaren finalerdia jokatuko du bihar, aurreko asteburuan ez bezala, eguraldiak baimena ematen badu.
Txostek hiru partida jokatuko ditu asteburuan. Horietako bi aurreko asteburuan bertan behera geratu behar izan ziren neurketak dira, eguraldiak hala aginduta.
Euskal Herriko Bote Luzeko Txapelketari dagokionez, Gipuzkoa 2k oraindik finalera iristeko aukerak ditu. Iparralde 1 taldearen kontra jokatuko dute finalerako txartela, bihar —ostirala, hilak 30— Madalensoron. Eguraldiak uzten badu, 18:30ean hasiko da norgehiagoka.
Pasa den asteburuan, Gipuzkoa 1ek (Oiarpeko pilotariak zeuden) Bizkaiaren kontra galdu zuen. Otxandion aritu ziren, eta gipuzkoarrek 10-2 galdu zuten.
Errebotera pasatuta, Enrike Abril txapelketan, atzeratutako beste partida bat jokatuko dute Oiartzungo taldeko kideek. Eguratsak uzten badu, igandean, 10:30ean hasita, Hazparneko (Lapurdi) Noizbait taldearen kontra arituko dira.
Larunbatean, berriz, larruzko paletako lehenengo mailako partida ikusteko aukera egongo da, Madalensoron. Txostek Oianguren kontra neurtuko ditu indarrak, 12:00etan hasita.