[Elkarrizketa] "Kontatzen ditudan istorioen hasierak irudiak izan ohi dira"
Mikel Zarate eta Donostia Hiriko Kutxa sariak lortu ditu aurten, baina umetatik dabil sormen lanetan. Inspirazio jasa amaigabea duela dirudi, elkarrizketa eten duen euriaren parekoa bai, gutxienez.
Txikitatik izan duzu sortzaile izateko grina. Nondik datorkizu?
Bada, bertsolaritzatik, batez ere. Nire aita bertsolaria zen [Juanito Mitxelena], eta zaletasun handia zuen. Beraz, etxean oso txikitatik entzun dugu bertsoa: izan berak abesten zuelako, edo bertso eskolaren bueltan zebilelako, telebistan ere bai, autoan…
Eta egia da eskolan idaztea ere asko gustatzen zitzaidala, ipuinak asmatzea eta abar. Orduan, sormenarekin eta literaturarekin lotutako hori guztia oso gustukoa nuen. Baina hasi, bertsotan hasi nintzen, eta bertso eskolara ere horregatik apuntatu nintzen.
Hasi, beraz, bertsotan, eta gerora eman duzu saltoa narraziora.
Hori da, idazten geroago hasi nintzen. Txikitan bai idazten dituzula eskolako gauzak, baina gerora ekin nion idazteari. Agian bertsolaritzarekin, bat-batekoarekin bukatu nuenean hasi nintzen idaztearena serioago hartzen. Ikusi nuenean plazak ez zitzaizkidala gustatzen, edo ez zela nire tokia, orduan eman nuen saltoa, modu naturalean.
Dena den, ez diozu utzi bertsoak idazteari.
Ez, egia da askoz gutxiago idazten ditudala orain, baina tarteka gustatzen zait sortaren bat edo beste idaztea.
Azken 20 urteetan hemeretzi sari eman dizkizute bertsotan, bertso jarrietan gehienak, eta hemezortzi sari narrazioan, horiek azken 10 urteetan. Inspirazio faltarik ez daukazu, behintzat.
[Barrez] Ez, egia esan ez. Beti daukat zertaz idatzi. Denbora baldin badaukat, beti daukat jorratzeko gairen bat. Momentuz ez dut sumatu inspirazio edo gai faltarik. Denbora falta bai, agian, nahi beste idazteko astia, baina pentsatzen dut hori afizioak dituen pertsona orori gertatzen zaiola: gustatuko litzaizukeena baino denbora gutxiago izatea nahi duzun hori egiteko.
Non bilatzen duzu inspirazioa?
Ez nuke jakingo esaten. Idazteko gaua eta isiltasuna behar ditut, hori bai; lehen, agian, orain baino gehiago. Lehen beti gauetan idazten nuen, eta oso berandu arte, ordutegirik gabe. Eta ziurrenik askatasun hori izango da behar dudana. Ordu-erdi baldin badaukat idazteko, edo denbora-tarte mugatua baldin badaukat, niri horrek ez dit balio, nik ez dut horrela funtzionatzen. Izan behar da hasi eta goizeko ordu txikiak arte aukera izatea idazteko. Gero agian ordu-erdian ordenagailua itxiko dut, baina aukera hori izan behar dut.
Inspirazio iturria etengo denaren kezkarik baduzu?
Ez, momentuz ez dut horrelako kezkarik. Nire kezka da nahi diodala idazteari asti gehiago eskaini, baina azkenean oso zaila da dena uztartzea, familiarekin, lanarekin… Zaila bihurtzen da idazteko tarte horiek aurkitzea, inspiratzeko behar dituzunak: gaua izatea, idazteko behar beste ordu edukitzea… Horrek kezkatzen nau gehiago.
Azkenaldian gehiago zaude narrazioan zentratuta. Zeren arabera erabakitzen duzu diziplina batera edo bestera jo?
Normalean zuzenean narraziora jotzen dut, askoz eremu zabalagoa delako. Narrazio batean askoz gehiago kontatzeko aukera daukazu. Bertsotara jotzen dut oso gai konkretua denean, gai horrek ez duenean hainbesteko garapenik behar edota bereziki ukitzen nauten gaiak baldin badira. Idatzi nuen azken bertso sorta, adibidez, nire aitaren heriotzaren inguruan izan zen. Aitari bertso sorta bat idatzi behar nion, horrek horrela izan behar zuen. Zor nizkion bertso batzuk. Baina azkenaldian joera gehiago dut narrazioak idazteko, ipuinak, normalean.
Izan daiteke gero eta gai mamitsuagoak jorratzen dituzulako, ertz gehiagorekin?
Bai, izan daiteke, baina egiten duzun ariketa motaren ezaugarriak ere ezberdinak dira. Bertso sorta bat idazten duzunean, beste gauza bat eskaintzen dizu, jolasa beste modu batekoa da. Ideia batekin zabiltza bueltaka, badakizu bukaeran zer esan nahi duzun, baina dagokion neurrian sartu behar duzu. Hor beste borroka batzuk sartzen dira, ez da bakarrik kontatu nahi duzuna: kontatu nahi duzuna nola kontatzen duzun eta nola lortzen duzun hori silaba kopuru jakin batzuetan sartzea.
Zentzu horretan, narrazioa askoz ere askeago da, eta horrek aukera ematen dizu gaian gehiago zentratzeko. Bertsotan, aldiz, formari ere erreparatu behar diozu, ez gaiari bakarrik. Nik uste edozein gaik ez duela bertsotarako balio, eta alderantziz. Balio agian bai, baina ezberdina da gai bat bertsotan jorratzea edo gai horren beraren garapena narrazioaren bitartez egitea; eta ariketa pertsonala ere oso ezberdina da. Bertsoak gehiago du jolasetik.
Aurten, bi sari jaso dituzu, narrazioan biak. Lehena, Mikel Zarate saria, Marrubizko uda lanarengatik. Kanpin batean kokatu duzu.
Kanpin batera uda pasatzera doan familia baten istorioa da. Protagonista familia horretako alaba da, eta istorioa berak kontatzen du. Hasiera batean ez zaizkio opor horiek gehiegi gustatzen, eta gero ikusiko da zer gertatzen den opor horietan. Liburuan opor horietako abenturak kontatzen dira, familia barruan gertatzen diren egoerak, baina baita familiatik kanpo egiten dituzten harremanak ere.
Bigarren saria, Donostia Hiriko Kutxa saria, Haragiko mamuak izeneko narrazio bildumarekin.
Bai, guztira hamar ipuin dira. Ez daukate inongo loturarik euren artean, baina istorio guztietan agertzen dira mamuak, askotariko formatan: heriotzari lotutako mamuak, iraganari lotutakoak…
Zer gai interesatzen zaizkizu?
Ez daukat gai zehatzik buruan, edozein izan daiteke. Nik irudietatik jotzen dut asko: nire istorioen hasierak irudiak izan ohi dira. Izan daiteke zerbait irakurtzen ari naizelako, telebistan zerbait ikusi dudalako, edo egunkarian albisteren bat irakurri dudalako. Irudi bat etortzen zait, eta askotan istorioak irudi horretatik garatzen ditut. Argazki moduan etortzen zaizkidan irudiak izan ohi dira.
Nola egiten duzu irudi horri zure estiloa emateko, zurera ekartzeko?
Nire estiloa oso deskriptiboa da, eta istorioaren garapena normalean ez da oso azkarra. Saiatzen naiz narrazioari sentsibilitate berezi bat ematen: nire istorioetan sentimenduek pisu handia izaten dute. Ez dira abentura edo ekintza askoko ipuinak izaten, baizik eta oso barruko istorioak.
Kanpotik ikusita, sarien dinamikak oso prekarioa dirudi: lanaren behin betiko bertsioa aurkeztu behar duzu, baina gero ez dakizu hartutako lan horrek guztiak bueltan zerbait ekarriko ote dizun. Kosta egiten da horretarako motibazioa topatzea?
Ahalegin handia eskatzen du, denbora aldetik-eta. Gisa horrelako lehiaketetan, batez ere, lana ja bukatuta eman behar duzu. Ez da zati bat entregatzen duzula, eta gero astia duzula hori bukatzeko. Baina egia da oso gustura egiten dudan zerbait dela, idazteko aitzakia dira, eta ondo etortzen zaidala uste dut. Azken finean, denbora-tarteak hartzea hain zaila denean, motibatzeko baliagarriak zaizkit. Horretan laguntzen dute.
Dena den, nahiko zenuke idazten ari zaren horrek bidea egingo duen segurtasuna eduki?
Bada, ez dakit kasu horretan berdin idatziko nukeen, agian azken emaitza ez litzateke berdina izango. Orain denbora gutxiago daukat, familia ez nuenean baino denbora gutxiago daukat, baina uste dut idazten dudanak kalitate handiagoa duela, denbora askoz hobeto aprobetxatzen dudalako: zentzumen guztiak horretara bideratzen ditut, eta horretara bakarrik.
Egoerara guztiz egokituta zaude, beraz.
Bai, eta egiten dudan horretan askoz hobea izaten lagundu dit.
Oraingoz, behintzat, narrazio laburrean aritu zara gehienbat. Zer dela eta?
Orain arte helduentzat idatzi dut gehienbat. Marrubizko uda izan da haurrentzat idatzi dudan lehenengo eleberria, baina beste guztia helduentzat. Haurrentzat zerbait idatzi izan dut lehen ere, baina enkarguz. Eta, Marrubizko uda eleberriaren kasuan ere, lehiaketa bera izan zen aitzakia adin tarte txikiagokoentzat zerbait idaztera animatzeko.
Eta zer moduz sentitu zara zure estilo deskriptiboa haurren eleberrian txertatzen?
Saiatu naiz nire estiloa gehiegi ez aldatzen. Lehen ere esan izan dut orokorrean saiatzen garela haurrei gauzak oso modu sinplean adierazten, baina haurrek badute gauzak ulertzeko gaitasuna. Badirudi ezin duzula metaforarik egin, edo ezin dituzula esaldi oso luzeak erabili. Haurrek eta gazteek guk uste duguna baino gaitasun handiagoa dute irakurtzeko eta irakurtzen ari direna ulertzeko. Zertxobait moldatu dut nire kontatzeko modua, baina saiatu naiz gehiegi ere ez sinplifikatzen: Marrubizko uda oraindik ere nahiko deskriptiboa da.
Baduzu beste diziplinarik jorratzeko gogorik? Poesia, adibidez.
Egia esan, orain arte poesia ez dut batere jorratu. Orain dela gutxi Poesia Eguna egin zuten Oiartzunen, eta egun horretarako bai egin nuela zerbait. Gustura egiten dut, oso gutxi, baina gustura; baina oraindik nahiago dut bertsoa edo narrazioa erabili. Orduan, normalean ez dut poesiarako tarterik hartzen. Agian aurrerago piztuko zait poesiarako grina, auskalo.
Eta hemendik aurrera, baduzu zerbait buruan?
Momentuz, ez daukat ezer. Egunez egun joan ohi naiz, lehiaketaz lehiaketa. Lehiaketak egon gabe ere, idazteko tartea baldin badut, idazten dut; baina, pizgarri moduan erabiltzen ditudanez, une honetan ez dut proiekturik esku artean.
Azken bi sariak argitaratzeko gogotsu nago, jendeak irakurri ditzan eta esateko zer daukan entzuteko. Orain bi liburu aterako ditut, baina oraindik ez dira atera. Alde horretatik, aurrera begira jarri baino, lehenengo entzun nahi dut jendeak zer dioen bi liburu horiei buruz.