Energia eskubidearen egoera ezagutzeko diagnostiko bat abiatu du Oarsoaldea Garapen Agentziak
Agentziak azterlan bat egin nahi du eskualdeko kontsumitzaileen artean, eta horretarako, herritarren laguntza behar du. Inkesta bat kaleratu berri dute.
Oarsoaldea Garapen Agentziak azterlan bat egin nahi du eskualdeko kontsumitzaileen artean energia eskubidearen benetako egoera ezagutzeko, diagnostiko bat abiatu berri dute. Horretarako herritarren laguntza behar dute. Inkesta bat kaleratu berri dute, hainbat formatutan. Telematikoki, agentziaren bulegoan edo agentziaren enplegu bulegoetan erantzun daitekeela jakinarazi dute.
Errenteria-Orereta, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako etxeetan “bizitzen ari garen benetako egoera ebaluatzeko” baliatu nahi dute diagnostikoa. Honekin pertsona kontsumitzaileen energia eskubidearen egoeraren “definizio bat ezartzen duen estrategia bat” garatu nahi dute, “eskubide hori eskualde osoan aplikatzeko beharrezkoak izango liratekeen egokitzapenak ezarri ahal izateko”, agentziakoen arabera.
Diagnostikoan ekintza asko aurreikusi dituzte, lehen lerrotik ezagutu nahi baitituzte eskualdean bizi diren pertsonen esperientziak. “Energia eskubidea oinarrizko eskubide bat izan beharko luke. Oinarrizko giza eskubide bat, gaitasun ekonomikoari, gizarte egoerari, arrazari, sexuari eta abarri buruzko beste edozein gogoeta kontuan hartu gabe eskuratu ahal izan beharko genuena”, diote agentziako iturriek.