Hitzordu bikoitza 'Jantzien kontserbazioa: erronka bat' bisita gidaturako
Pieza bakoitza ikusgai jarri aurretik nola garbitu, konpondu, lisatu eta prestatzen den ikusiko dute bisitariek, baita urtebete pasata jantzia nola jaso eta gordetzen duten.
Jantziaren Zentroak eta Gordailuak elkarlanean bi bisita gidatu berezi antolatu dituzte datorren ostiralerako (urriak 7) eta urriaren 14erako, Jantzien kontserbazioa: erronka bat titulupean.
Bisita honetan jantzi bat Kapitain etxera sartzen den unetik Gordailuan bukatzen duen arteko bide hori azalduko dute. Pieza bakoitza ikusgai jarri aurretik nola garbitu, konpondu, lisatu eta prestatzen den ikusiko dute bisitariek, baita urtebete pasata (erakusketa bukatzean) jantzia nola jaso eta gordetzen duten. Horretarako hainbat bideo proiektatuko dituzte, eta materiala zein jantziak erakutsiko dira.
Bi bisitak 19:00etan egingo dituzte. Ordubeteko iraupena izango dute, eta doakoa izango da. Interesdunek 943 49 45 21 telefono zenbakira deitu edo helbide honetara idatzi beharko dute.
