Kuadrillategik eta Abaraxkak festa giroan hasiko dute ikasturtea
DBH 1 eta 2ko gaztetxoei zuzendutako dinamikak gaur askaria egingo du, pizzekin. LHkoentzakoa bihar izango da; ludotekak ate irekiak egingo ditu datorren astean.
Kuadrillategi egitasmoak eta Abaraxka ludotekak festa banarekin hasiko dute ikasturtea. DBH1 eta DBH2 mailetako ikasleei zuzendutako egitasmoa gaur arratsaldean egingo dute.
Afari-merienda antolatu dute, Elizalde Herri Eskolako pilotalekuan. Ikasturtean zehar egin nahi dituzten jarduerak proposatzeko aukera izango dutela jakinarazi dute.
Horrez gain, Kuadrillategin izena eman ez dutenek ere izango dute bertaratu eta bat egiteko aukera.
Kuadrillategi DBH 1. eta 2. mailako ikasleei (Oiartzunen erroldatuei edo Oiartzunen ikasten dutenei) zuzendutako dinamika da. Ostiralero elkartzen dira eta helburu nagusia gaztetxoen aisialdirako hizkuntza-ohituretan eragitea da, euskara aisialdirako hizkuntza naturala izan dadin.
Abaraxkak, ate irekiak
Oiartzungo udal ludotekak bihar irekiko ditu ateak, ikasturtea hasteko. Beraiek ere festa giroan hasiko dute aurtengo ibilbidea. 17:00etan jarri dute zita, ludotekaren aurrean.
Lehen Hezkuntzako ikasle oiartzuarrei zuzenduta dago ludoteka zerbitzua. Asteartetik ostirlaera bitartean ematen du zerbitzu, 16:30etik 19:30era. Haien lana ezagutarazteko, ate irekiak egingo dituzte, urriaren 4tik 14ra.
Ludotekak larunbatetan ere aisialdi eskaintza egiten du, Abaraxka Ibiltaria izenburupean. Horietan parte hartzeko ez da beharrezkoa izena ematea.
Familia eremua
Ludoteka martxan hastearekin batera, Familia Eremua martxan jarriko dute. 0 eta 5 urte arteko haurrei eta haien familiei zuzenduta dago. Astelehenetan elkartzen dira, Abaraxkan.
Urriko astelehen guztietan izango dira Familia Eremuko ate irekiak, 16:30etatik 19:30era.