Urkabeko Igoera lasterketa urriaren 15ean bueltatuko da
Bi urteko hutsunearen ondoren, lasterketa motz eta gogorra berriro bueltatuko da Oiartzunera. Izena eman daiteke, Herri Krosaren wegunean,
2019an 27 korrikalarik 'dastatu' zuten Learreko maldaren gogortasuna. Oiartzungo lasterketarik motz eta intentsoenak badu bueltarako eguna: urriaren 15a. Urkabeko Igoera egun horretarako antolatu du Intxixu Trail antolatzen duen taldeak.
Bi urteko hutsunearen ondoren, aurreko ekitaldiak antolatzen ziren data bertsuetan egingo dute, garagardo azokarekin bat eginez.
Oiartzun ibaiaren mailatik (Gaetxetik) Urkabeko gurutzerainoko 1.600 metroak bete beharko dituzte, 17:00etan hasita. Hain tarte txikian 190 metroko desnibela pilatuko dute parte hartzen dutenen gihar eta birikek.
Izena emateko, ohi bezala, Herri Krosaren webgunera jo beharko da. Sei euroko prezioa izango du izen emateak.
Orain dela bi urte, pandemia iritsi baino lehen, Jon Urtizbereak eta Veronica Richardek izan ziren lehenengoak Urkabeko gurutzean jarritako zintzarria jotzen. Oiartzuar onenak Aritz Leonet eta Intza del Teso izan ziren.
Lasterketa 2016an antolatu zuten lehenengo aldiz, eta aurtengo bosgarren ekitaldia izango da.
