Alternatiben Oihartzuna egingo dute hilaren 22an, sei urteren ondoren
Egun osoko egitaraua prestatu dute. Oiartzungo hainbat alorretako taldeek parte hartuko dute: elikadura, energia, hezkuntza, kultura, zaintza...
Sei urteren ondoren, Alternatiben Oihartzuna ekitaldi sorta antolatu dute hilaren 22rako. Topagune izateko bokazioa du bigarren ekitaldi horrek. Zehazki, “eguneroko praktika eraldatzaile eta burujabeak” egiten dituzten pertsona eta norbanakoena.
Egun osorako egitaraua antolatu dute, eragile horiek saretu eta handik kanpo lanean ari direnei ezagutarazteko asmoz.
Antolatzaileek adierazi dutenez, “indarrean dagoen boteretik ihes egin” behar dela. Horretarako “autogestioa” eta “herri boterea” proposatu dituzte.
“Guztion artean pertsona askeen herrialde bat sortzera goaz, natura eta pertsona esplotatuko ez duen bizimodu batera”, adierazi dute. Nabarmendu dute helburu hori aurrera eramateko Oiartzunen talde asko martxan ari direla, hainbat esparrutan: energia, hezkuntza, elikadura, kultura, zaintza…
“Horien berri izatearekin batera”, jarraitu dute, “beste balio batzuetan oinarritutako eguna ospatu nahi baduzu, zatoz Oiartzungo plazara”.
Egitaraua
- 10:00etatik 13:30era: Alternatiben Azoka, Done Eztebe plazan. Ekoizleak, sortzaileak, artisauak, eragileak…
- 10:30etan: Mahai ingurua: Burujabetza edukiz jantziz. Hizlariak: Gotzone Sestorain (Etxalde baserritar mugimenduko kidea), Andoni Egia (Lurralde burujabetza) eta Oihan Mendo (Garesko alkatea). Moderatzailea: Miren Azkarate.
- 12:00etan: Hamaiketakoa.
- 12:30ean: Herriko esperientziak partekatuz, Arizmendienean.
- Oinherri, herri hezitzailea.
- Elika, Labore, Arraztalo, elikadura burujabetzarantz.
- Zituene pasta obradore kooperatiboa, ekintzailetza eredu alternatiboa.
- Energia Komunitateak, etorkizuneko eredu energetikoa eraikiz.
- Zaintzadi, zaintza sare publiko-komunitarioa.
- Kulturaren plaza eta bizi eta bizigarria.
- Herriko musikarien autogestioa.
- 14:00etan: Agerraldia eta argazki kolektiboa, Done Eztebe plazan.
- 14:30ean: Bazkaria herriko produktuekin, Done Eztebe plazan. Sarrerak Miren Tabernan eta txokolategian jarriko dituzte salgai (10€). Aukera beganoa ere egongo da.
- 19:00etan: Bertso saioa: Josu Ibarguren eta Irati Alcantarilla, Done Eztebe plazan.
- 22:00etan: Kontzertuak, herriko taldeekin.
Antolatzaileek adierazi dute haur zaintza zerbitzua eskainiko dutela goizean zehar, Abaraxka ludotekan. Horrez gain, txosna egun osoan jarriko dutela gaineratu dute, herriko edariekin.
Hilaren 22an eguraldi txarra egingo balu, jarduera guztiak Elizalde Herri Eskolako frontoi estalian egingo dituztela jakinarazi dute.