Euskara ikasteko diru laguntzak eskatzeko epeak ireki dituzte
Iazko ikastaroetan parte hartu dutenek hilaren 15era arte eska ditzakete. Ikasturte honetan arituko direnentzako epea, berriz, hilaren 28an itxiko da.
Oiartzungo Udalak jakinarazi du euskara ikasteko diru laguntza eskatzeko epeak zabalik daudela. Bi epe daude.
Alde batetik, iazko ikastaroetan parte hartu zutenek eska dezaketen laguntza. Hori hilaren 15era arte eska daiteke.
Bestetik, 2022/2023 ikastaroan izena ematen dutenentzakoa dago. Horien kasuan hilaren 28ra arte dago zabalik. Zehaztu dutenez, ikasturtea hasi ondoren matrikulatzen diren ikasleek ekainean izango dute aukera diru laguntza eskatzeko.
Udalak gogorarazi duenez, eskaera egiten duten ikasleek dohain ikas dezakete euskara Oiartzunen, B2 maila arte.
Horiez gain, hilabete honetan eskatu beharko dute laguntza, baita ere, udalerriz gaindiko eremuetan euskara sustatzen duten erakundeek (hilaren 30era arte).
UEU eta arlo sozioekonomikoa
Ez dira euskararen arloan Euskara Sailak emango dituen diru laguntza bakarrak izango. Udako Euskal Unibertsitatean (UEU) parte hartu duten oiartzuarrek ere badute ikastaro horien kostua finantzatzeko aukera. Horien kasuan, epea abenduaren 1ean itxiko da.
Epe bera izango dute herriko arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko jarduerengatik diru laguntza eskatu nahi duten enpresa, merkataritza establezimendu zein ostalariek.