[Elkarrizketa] «Denek dugu zerbait kontatzeko; bozgorailu izan nahi dugu»
38 urte beteko ditu aurki Zintzilik irrati libreak. Urteurrena probestu nahi dute herritarrengana hurbiltzeko, ateak zabalduko dituzte. Irratsaio bat egin edo irratia ezagutu nahi dutenei deialdia luzatu diete.
Orain dela 38 urte sortu zen Zintzilik. Nolako bilakaera izan du ordutik?
Asanbladako kide gazteena naiz, eta helduek kontatzen dute lehen mugimendu handia zegoela hemen. 20 bat irratsaio egon zitezkeen garai batean, etengabe jendea sartzen eta ateratzen ibiltzen zen. Urteekin, tamalez, hori jaitsi da, baina tinko jarraitzen dugu, kide asko gara oraindik. Teknologikoki batez ere etorri da aldaketa. Lehen egunero etorri behar ginen zintak aldatzera emisiorako, bestela ezin genuelako emititu. Baina orain telematikoki egin dezakegu hori, emisioa eroriz gero etxetik altxatu dezakegu. Teknologiak gauzak erraztu dizkigu.
Gauzak aldatu dira, baina ez hasieratik ezarritako balio horiek, ezta?
Halaxe da, irrati berbera izaten jarraitzen du. 38 eta gero jarraitzen dugu irrati libre bat izaten, ez dugu diru laguntzarik eskatzen eta kudeaketa autogestioan eta asanbladan oinarritzen da. 38 urte daramazkigu horrela, eta berdin jarraitzeko asmoa dugu, oso argi dugu hori.
Zer eskaini nahi diezue herritarrei?
Lehenik eta behin, eduki ez komertzial bat eskaintzea da asmoa. Eduki kritikoak lantzen ditugu. Libreak garen heinean ez dugu atzean presio ekonomikorik, talde politikorik… Gure lerro editoriala da ez dugula lerro editorialik. Elkarlana ere gure balioetako bat da. Denen artean eraikitzen dugu irratia.
Hedabide kopurua erraldoia den garai honetan, zergatik entzun irrati libreak?
Egun FMan askotariko kateak daude, baina gehienetan musika berbera da, esaterako. Hemen copyright-ik gabeko eta SGAEtik kanpo dagoen musika jartzen dugu. Eduki kritikoak ere ez dira ohikoak betiko irratietan. Gertutasuna ere lortzen da. Azken batean mikrofonoaren beste aldean dagoena ez dago hain urruti gurean. Beti diogu atea eta leihoak zabalik ditugula. Ohiko irratietan ez dago ate zabalik, eta hemen, gure balioekin bat egiten duen edonork du tokia. Ongi etorriak izango dira.
Zer eman dio herriari Zintzilik-ek?
Jendeak ezagutzen du irratia, herrigintzagatik asko egin duela uste dut. Kalean egon gara, hainbat mobilizazio eta auzi oso gertutik jarraitu ditugu. Jende askori aurretik ez zuen espazio hori eman diogu. Herrigintza modu zabalean ulertzen dugu, alor askotan lan egin dugu.
Ateak zabaldu dituzue berriro, irratira gerturatzeko deia egin duzue.
Jendea erakarri nahi dugu. Uste dut denek dugula zerbait kontatzeko, zerbait eskaintzeko, eta hori da gure xede nagusia: bozgorailu izan nahi dugu.
Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak?
Erronka nagusia gazteen artean ezagutaraztea da. Adin arrakala bat eman da gure kasuan, herriko gazte askok ez dute irratia ezagutzen. Adin batetik gorako herritarrek ederki ezagutzen dute Zintzilik, baina ez ordea gazteenek. Entzule gazteak lortu nahi ditugu, eta gero, partaide izan daitezela.
Azaroaren 19an ospatuko duzue urteurrena.
Hori da. Udazken batean sortu zen irratia, eta udazkenero ospakizun bat egiten dugu. Aurten Niessenen bilduko gara, hiru kontzertu antolatu ditugu. Aurten bai, behar den bezala ospatuko dugu.