Herriko sortzaileak elkartzeko topaketa egingo dute
Oreretako Gazte Sortzaileak izeneko talde batek topaketa egingo du Zabala Enea II gaztetxean hilaren 15ean. "Kultur adierazpide nagusienen zirkulutik kanpoko kultura" landu nahi dutela diote.
Herriko sortzaileek hitzordu garrantzitsua izango dute datorren hilaren 15ean (larunbata da). Izan ere, Oreretako Gazte Sortzaileak izeneko talde batek topaketa berezia egingo du Zabala Enea II gaztetxean. Bertan, taldearen etorkizuneko asmo eta nondik norakoak zehaztuko dituzte, eta horiek partekatzeko saioa izango dela aurreratu dute. Taldea “testuinguru jakin eta behar jakin batzuen harira” sortu dutela jakinarazi dute hedabideei bidalitako ohar batean, “azken bolada hurbilean herriko gazte sortzaileak saretzeko, elkar ezagutzeko, iraganeko kultur erreferenteak lantzeko eta etorkizuneko nahiak era bateratuan finkatzeko beharra sumatu” baitute.
Gaineratu dute “kultur adierazpide nagusienen zirkulutik kanpoko kultura” landu nahi dutela, “egungo kultura merkantilizatu eta instituzionalizatuaren aurrean”. Herriko gazteek “hutsune” bat dagoela ondorioztatu dute, horregatik ikusi dute ekarpena egiteko premia.
Deialdia bere burua sortzailetzat duen edozeini luzatu diote, “inongo alor zehatzik aintzat hartu gabe, kultur adierazpide ezberdinen arteko saretzea” baitu xede taldeak. 12:00etan bilduko dira.