Txostek ez du Enrike Abril txapelketako finala jokatuko
Pasa den asteburuan erabaki dira nork jokatuko duen finala. Oiartzungo taldeak ezin izan du Luzean gainditu, Madalensoron.
Pasa den igandean jokatu zituzten Enrike Abril errebote txapelketako 59. ekitaldiko finalaurreko partidak. Txostek Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Luzean taldearen bisita jaso zuen Madalensoron.
Oiartzuarrek ezin izan zituzten lapurtarrak gainditu. 13-5 gailendu zen Luzean.
Beste finalerdiko norgehiagokan, emaitza berbera izan zen. Hazparneko (Lapurdi) Noizbait taldea izan zen nagusi, Zubietaren kontra.
Lapurtarren arteko finala jokatuko dute, beraz, asteburu honetan. Zubietako plazan izango da, igandean —hilak 16—, 10:30etik hasita.