Gaskoiez kantatutako doinuak ardatz izango ditu Udazkeneko Kontzertuak
Larunbatean Pirinioetatik etorritako bi taldek kantatuko dute, Soinueneak gonbidatuta. Txorbela otxoteak osatuko du laukotea.
Soinueneak urtaro bakoitzean antolatzen du kontzertua. Euskal Herriko zein kanpoko herri musika ezagutzeko aukera ematen dute.
Udazkeneko Kontzertua datorren larunbatean —hilak 15— izango da, eta hiru talde gonbidatu dituzte. Udaletxeko pleno aretoan abestuko dute, 18:30etik aurrera. Sarrerek zazpi euro balio dute.
Bigorra inguruko ahotsak entzuteko aukera egongo da. Canta se gausas! elkartea hangoa da, eta herri tradizioak berritzeko asmoa dute. “Ahozko ondare immaterial hori eguneratu nahi du bilketa, transmisio, hedapen eta lurraldearen animazioaren bidez”, zehaztu du Soinueneak.
Elkarte hori osatzen dute, besteak beste, Allegria eta Sorinas taldeek. Sorinas hitzak ahizpa esan nahi du gaskoiez, eta lau emakumek osatzen dute. Ahozko tradizioko polifonia erabiltzen dute.
Allegria, berriz, Lurda eta Banheraseko zazpi gizonek osatzen dute. Abesteko era “sakona, indartsua eta
askea” dutela azaldu du Soinueneak.
Euskal Herriko ordezkaritza Arrasateko Orbela otxotearena izango da. Hamasei abeslarik osatzen dute, inguruko abesbatza esanguratsuetan parte hartu dutenak: Donostiako Orfeoian, Goikobalu abesbatzan, Conductus Ensemblen edota Capilla Peñafloridan, besteak beste.