Alkatetzarako hautagai izateko bidea hasi du Maite Gartziak
Ahal Dugu alderdiaren primarioetara aurkeztu berri da errenteriarra. Gaurko aurkezpenean adierazi du lanean jarraituko duela "udalerri feminista, berdintasunezkoa, inklusiboa eta erantzunkidea" izan dadin.
Maite Gartzia Errenteriako alkatetzarako Ahal Duguren Primarioetara aurkeztu berri da, Bat Egin markarekin aurkeztuko da Gazteria eta Kirol zinegotzia azaroaren hasieran bukatuko den barne hauteskundeen prozesura. Azken urteetan gizarte eta auzo mugimenduei lotutako aktibista izan dela gogorarazi du gaurko aurkezpenean. Egun, Podemos Euskadiren Exekutibako kide da, Gizarte Zibileko eta Herri Mugimenduko arduradun bezala aritzen da.
Gaurko aurkezpenean iragarri duenez, lanean jarraituko du “udalerri feminista, berdintasunezkoa, inklusiboa eta erantzunkidea” izan dadin, “kulturan inplikatua, tokiko ekonomia sozialean eta iraunkorrean” oinarrituta. Adinekoak, gazteak eta haurrak “entzutea, zaintzea eta babestea” beharrezkotzat jo du errenteriarrak.
“Sareak eraikitzean oinarritutako politikaren defendatzaile sutsua” dela gaineratu du Gartziak, eta Ahal Dugu legealdi honetan egiten ari den lana nabarmendu du. Legealdi “korapilatsu bat” hasi zuela aitortu du, pandemiak markatutakoa, “baina oso esker onekoa eta osoa” bihurtu dela esan du. Zentzu horretan aipatu du herriko 600 familia ingururi egiten dieten gogobetetze inkestan “argi geratu” dela “pozik daudela udal hau kudeatzen ari den moduarekin”.
Gartziaren ahotan, zazpi mugarrik markatu dute gobernu aldi hori, eta egindako hainbat “proiektu estrategiko” aipatu ditu. Besteak beste, honakoak gogorarazi ditu: zaintze sare handi bat sortzea, Emakumeen Etxea indartzea, Lekuona eskualdean erreferentziazko kultura eta arte zentro gisa inauguratzea, sare komunitarioei laguntzeko kanpaina edo kalean bizi diren pertsonekin eta gizarte langileekin lan egitea.
“Proiektu asko garatu ditugu, baina oraindik asko ditugu egiteko. Oinarriek eta orain eta gero herritarrek beharrekotzat jotzen badute, gure Errenteria hobetzeko lanean jarraituko dugu”, esan du azkenik.