Beraungo anbulatorioko murrizketen kontrako mozioa erregistratu du PSE-EEk
COVID-19aren pandemiaren ondoren Errenteria-Oreretako lehen arreta zerbitzua hobetu daitekeela uste dute alderdikoek, eta jaurlaritzari leporatu diote "pandemiari aurre egiteko esfortzu handi horren ondoren murrizketak planteatzea".
Atzo Aizpea Otaegi alkateak egin zuen bezala, gaur PSE-EE taldeko Isaac Palencia Eusko Jaurlaritzari zuzendu zaio, gutun baten bitartez. Beraungo anbulatorioak jasango dituen murrizketekin kezkati agertu dira PSE-EE taldekoak, eta gaur bertan mozio bat erregistratu du Palenciak, eskaera zuzena egin diote jaurlaritzari: murrizketa horiek bukatu ditzatela.
“Beharrezkoa da Hiri Paktu bat sustatzea, herriko gizarte agente guztiak aintzat hartuko dituen zerbitzu publiko baten defentsan”, esan du Palenciak. Itxiera herritarrentzat “kalte handia” izango dela salatu du, eta Osakidetzako eta bereziki Beraungo langileen lan baldintzekin kezkati azaldu da.
COVID-19aren pandemiaren ondoren Errenteria-Oreretako lehen arreta zerbitzua hobetu daitekeela uste dute alderdikoek, eta jaurlaritzari leporatu diote, “pandemiari aurre egiteko esfortzu handi horren ondoren murrizketak planteatzea”.
“Fronte komun bat” osatzeko beharraz aritu da ordezkaria, “guztien adostasunarekin, Lakuak aplikatu nahi dituen murrizketen aurrean”. “Oso argi dugu doako osasun publikoaren kalitatea ezin dela murriztu”, esan du azkenik alkategaiak.