Lehen sektorearen erakusleiho izango da Zumardia larunbatean
Hamazazpigarren Landalurraren Azoka egingo dute goizez, Behemendi Landa Garapenerako Elkartearen egitasmoz. Bertako dozenaka produktu dastatu eta erosteko aukera izango da.
Landalurraren hamazazpigarren azokak Zumardia hartuko du etzi (larunbata, hilak 15), Behemendi Landa Garapenerako Elkartearen egitasmoz. 9:30etik 14:30era lehen sektorearen erakusleiho izango da Zumardia, bertako dozenaka produktu dastatu eta erosteko aukera izango da. Aurten ere aitortza egin nahi izan diete nekazal arloko enpresei, antolatzaileen arabera, “lehen sektorea baita inguratzen gaituen landa paisaia mantentzearen arduradun eta kalitate oneko elikagaiez hornitzen gaituztelako gertuko merkatuak eta saltokiak”. Behemendirekin batera, Gipuzkoako Erlezainen Elkartea, Artelatz eta Euskal Herriko Hazien Sarea aritu dira antolaketa lanetan.
Besteak beste, Eguzkiborda baserriko Idiazabal Jatorri Izendapeneko ardi gazta eta Aparola baserriko barazki eta frutak izango dira, ohiko abere erakusketa eta askotariko dastaketez gain. Eta nola ez, Errenteriako Talogileak Elkarteak ez du zita garrantzitsua galdu nahi izan aurten ere, postu bat izango dute.
Tailerrak ere antolatu dituzte etzirako. Eguerdian haurrentzako landaketa eta lore prentsatu tailerra eskainiko dute, eta helduentzako berriz, Haziak ereiten izenekoa.