Nemirovskyren 'Arimen maisua' aztertuko du Irakurketa Taldeak
Idazle errusiarraren liburua izango da urriko saioan landuko dutena. Azarorako Eneko Aizpururen 'Bidasoan gora' irakurriko dute.
Oiartzungo Irakurketa Taldea datorren asteartean —hilak 18— elkartuko da berriro. Ikasturteko bigarren saioa izango da, eta ordurako Irene Nemirovsky idazle ukrainarraren (Kiev, 1903-Auschwitz, 1942) Arimen maisua (2005ean argitaratutakoa) eleberria irakurri beharko dute.
20:00etatik aurrera hasiko dira krudeltasun eta zinismoz betetako kontakizuna iruzkintzen.
Azarorako etxeko lanen jakitun dira. Eneko Aizpururen Bidasoan gora irakurriko dute. Saiakera liburua da, 2019ko Tene Mujika Egaña beka irabazi zuena.
Bidasoan gora egindako bidaia da, ibaiaren inguruan gertatutakoak jaso ditu, bere erara, Aizpuruk, BERRIA egunkariak liburua argitaratu zenean kontatu zuen bezala: “Guardia Zibilak Intxaurrondoko kuartelean heriotzaraino torturaturiko Mikel Zabalzaren gorpua Endarlatsan agertu zenekoa; handik zenbait urtera ETAk paraje berean Eduardo Lopez polizia bonba batez hil zuenekoa; Frankismo garaian muga igarotzeko ahaleginean uretan itota hil omen ziren ehunka portugaldarren kasua; edo Pio Barojak eta Aitzolek 36ko gerraren hasieran Beratik Lesakara bidean topo egin zutenekoa”.
Saio hori azaroaren 22an egingo dute. Irakurketa Taldean parte hartu nahi duenak liburutegian galde dezake.