Zaintzadi proiektuaren berri emango du udalak, Alternatiben Oihartzunan
Hilaren 22an "burujabetza eta eraldaketaren" arloan lan egiten duten eragileek bere lana erakutsiko dute. Udala bertan izango da.
Aintzane Iribar eta Garazi Solis Zaintzadiko langileak, Olaia Lasa zinegotzia erdian dutela [Arg.: Oiartzun Irratia]. Hilaren 22an —hurrengo larunbatean—, Alternatiben Oihartzuna egingo dute bigarren aldiz. Duela sei urte egin zuten lehen aldiz, eta herriko hainbat eragilek bigarrena egitea erabaki dute.
“Burujabetza” eta “eraldaketa” esparruetan lanean dabiltzan eragileek bere lana erakutsiko dute bertan. Horietako bat izango da Oiartzungo Udala.
Jakinarazi duenez, Zaintzadi proiektuaren berri emango du egun horretan. Egitasmo horren helburua baliabide gutxi dituzten eta hurbileko senide edo inguruko pertsonen laguntza jasotzen ez duten 55 urtetik gorako pertsonei arreta berezia eskaintzea da.
Aukeratu gabeko bakardadean bizi diren pertsona horien behar sozial eta psikologikoei erantzutea da asmoa.
Herriko esperientziak
Udalak Zaintzadiri buruzko argibideak herriko esperientzien berri emateko tartean emango ditu. Beste eragileak honakoak dira: Oinherri; Elika, Labore eta Arraztalo; Zituene; Energia Komunitateak; kultur eragileak; eta musikariak.
