EAJk zerga eta tasak izoztea eskatu dio udal gobernuari
Talde jeltzaleak bat egin du EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUren udal gobernuak proposatutako hobariekin; ez ordea, zerga eta tasen kudeaketarekin.
EAJko Elixabete Murua eta Garbiñe Oiarbide artxiboko irudian. Aurki, urriko udalbatzan onartuko dituzte 2023rako ordenantza fiskalak. Horren harira, udal gobernuak egingo dituen proposamenak helarazi dizkie oposizioko gainontzeko udal taldeei.
EAJren udal taldeak, bada, proposamena aztertu eta hainbat ohar helarazi ditu. Alde batetik, bat egin du EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk proposatutako hobariekin. Bestetik, ordea, zerga eta tasen % 1,5 puntuko igoera orokorrarekin ez da konforme agertu. Izan ere, jeltzaleen ustez ez da beharrezkoa “eros ahalmen galera jasaten ari diren herritarrengan presio fiskala handitzen jarraitzea”. Oposizioko taldearen arabera, udalaren diru-iturri nagusiaren, Foru Funtsaren, aurreikuspen baikorrek, zerga eta tasen igoera izozteko aukera eskaintzen dute.
Esan bezala, balorazioa ona da hobariei dagokienean. Eli Murua ordezkariak azaldu duenaren arabera, “Gure taldeak behin baino gehiagotan eskatu du progresibitatearen ikuspuntua txertatzea zerga eta tasetan, adibidez, familia ugariak eta diru-sarrerak kontuan hartuta”. Era berean, bozeramaile jeltzaleak klima aldaketari aurre egitera bideratutako neurriei egokitutakoak ere beharrezkoak direla azaldu du.
